2023 amaieran, Espainiako Gobernuak hainbat familia palestinar "aberriratu" zituen, espainiar naziotasuna zuen kide bat gutxienez zutenak. Hainbat erkidegotan banatuta, horietako bost familia Gasteiza heldu ziren, hamar adingaberekin. Ordutik Araban izan dira, baina ez dute etxe propio eta egonkorrik izan, eta gutxienez hiru aldiz lekualdatu dituzte, ostatu pribatu eta udal aterpetxeetatik igarota. Orain, bost familia horiek etxegabetzeko arriskuan daude, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez.
Atzo prentsaurrekoa eman zuen sindikatuak, etxegabetze arriskuaz ohartarazteko. Lehenago ere kaleratzeko arriskuan egonak dira familiak, baina, atzerapen eta luzapen batzuen ondoren, berez urriaren 31ra arte emana zieten epea orain dauden aterpetxea uzteko. "Inolako alternatibarik gabe" etxegabetu nahi dituztela salatu zuen etxebizitza sindikatuak. "Duela astebete
jakinarazi ziguten Gobernuak Gaza Proiektua finantzatzeari uzten ziola urriaren 6tik aurrera,
eta beraiek, asko jota, 31ra arte finantzatzen saiatuko zirela".
Hala ere, sindikatuaren presioen eraginez beste bi hilabeteko luzapena jaso dute Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren aldetik, eta abenduaren 31n utzi beharko dute aterpea, egoera konpondu ezean. Espainiako Gobernuak, bere aldetik, adierazi du "inoiz ez dela etxegabetze arriskurik izan", baina dirudienez azken orduko aldaketa izan da luzapena. Izan ere, urriaren 14an bidali zuen Etxebizitza Sindikatu Sozialistak atzoko prentsaurrekoaren iragarpena, eta handik ordu batzuetara jarri ziren agintariak familia palestinarrekin harremanetan, bi hilabetez luzatzeko haien aterpetxeko egonaldia. Ordura arte urriaren 31ko epea zieten emana, eta gizarte langileek jakinarazi zieten "haien kabuz" bilatu beharko zutela beste bizilekuren bat, sindikatuaren esanetan. Pentsatzekoa da sindikatuaren ekintzek eraman dutela Gobernua bi hilabete gehiago eskaintzera.
Sindikatu sozialistak adierazi du, epea luzatu dieten arren, "luzapen bat bestearen atzetik itxarotearen agonia luzatu" besterik ez dutela egin, eta salatu dute ez dietela etxebizitza alternatiba iraunkorrik eskaini. Sindikatuak azaldu duenez, askok alokairuak aurkitu nahi dituzte, "baina ez dute lortzen, ezin dituztelako jabeen filtro arrazistak eta klasistak gainditu". Nominak aurkezteko eskatzen omen diete, baina ezin dute halakorik aurkeztu, gerratik etorri berriak baitira.