Alemaniako Flensburg hirian zabaldu zuen Beate Ushek munduan sex shop moduan hartu izan den lehenengo denda. Lehenago emakumeei antisorgailuen eta sexualitatearen gaineko informazioa ematen jardun zen Ushe, etxez etxe, eta hegazkin pilotua eta beste hainbat gauza ere izan zen.
Usheren sex shopera Polizia hainbatetan joan zen, bertako produktuak "moralitatea eta txukuntasunaren kontrako desira lizunak asetzeko eta areagotzeko" modukoak zirelakoan. Hogei urte geroago, Elio Saenz de Pujana hainbat hilabetez jardun zen legearekin borrokan denda zabaldu ahal izateko. Ideia Kanarietan izan zuen, hango sex shop batean lan egin zuelako, baina Gasteiz ez zen Kanariak. Orduko El Correo-ren orrialde bat gordetzen du: "Pinto kale lasaian zabaldu dute, katedral zaharra eta Gurutze Santua komentutik hurbil...".
Maiz azpimarratu dute elkarrizketan zehar negozio honetan oso garrantzitsua dela zuhurtzia, diskrezioa
"Hasiera hartan kuxkuxero asko sartzen zen erosteko asmorik gabe denda hori zer zen zokomiran, museo bat balitz bezala", dio Saenz de Pujanak barrez, eta El Correorena publizitate moduan oso ondo egon zela aitortu. Gauzak hala, hasiera motela izan zen. "Gasteiz beti izan da oso hiri katolikoa, ez nuen inoiz arazorik izan inorekin, baina poliki-poliki joan ginen. Jendeak ere ez zuen hiztegia menderatzen, gizonek behar ez ziren azalpenak ematen zituzten. Ez da niretzat, eta horrelakoak; emakumeak berriz beti zuzenagoak izan dira".
Gogoan du benetako show-a barruan ez, kanpoan zegoela, jendea sartu aurretik lotsaturik bueltaka zebilela, "eta denda horregatik ez zegoen oso leku nabarmenean". Maiz azpimarratu dute elkarrizketan zehar negozio honetan oso garrantzitsua dela zuhurtzia, diskrezioa.
Saenz de Pujanaren arabera, hasieran, mundu heteroa, lesbianismoa, homosexualitatea, sado-masoa eta trans mundua zeuden, eta gerora, garapen handia egon da: sexua hori dena baino askoz zabalagoa baita. Pornoan ere ikusten da nola joan den garatzen "onerako". "Orain askotan bikoteka etortzen da jendea erostera". Mikel Perezek berretsi du gaur egun "denetariko pertsonak" sartzen direla: oso gazteak, helduak, jende nagusia, genero guztietakoak. Oro har, orain jendea askoz informatuago datorrela diote, nahiz eta "beti sartzen den norbait pixka bat berde datorrena". Perezek jende nagusiarekin tratatzea maite du gehien: "Sartzen dira ezer ez dakitela, eta denarekin harritzen dira, galdetzen dute asko, ederrak dira”.
Bestalde, hirurek nabarmendu dute adin txikikoak babesten saiatu direla beti, kartel bat kanpoan jarrita eta adinarena zaintzen. "Pornografia ezin da izan adin txikikoentzat. Hemen, kioskoetan ez bezala, beti errespetatu da hori, eta inoiz ez da egon horrekin arazorik. Gaur egun, ordea, interneten bidez edozein adin txikikoren eskura dago pornografia".
Kabinak
Hasieratik kabinak egon dira. "Aurrenekoak indibidualak ziren eta Super-8 sistemarekin; artean ez zegoen VHS edo beta sistemarik, handik lasterrera heldu zen". Eliok dio oraindik ere badituela 30 bat Super-8 film zigilua kendu gabe. Kabina indibidualak izatetik, komunikatuak izatera pasatu zen, glory hole baten bidez. Sasoi batean bideoak eta kabinek erabilera handia zuten, eta Perezek dio oraindik ere erabiltzen direla, jaitsi bada ere. Azken batean, internetek eta sare sozialek jan diote espazio asko kabinen bidezko topaketei. Praktika horretan ere bilakaera bat egon da: hasieran gizon generokoak bakarrik sartzen ziren, orain inoiz edo behin emakumeak bakarrik ere badoaz, eta pertsonak bikoteka maizago. 50 bideo-kanal dauzkate, askotariko gaiekin; historikoki gehien ikusi dena transexuala da, orain hentai asko ikusten da.
Bestalde, harrigarria da sex shopean "oraindik" dagoen bideo-atala, kontuan hartuz gero bideoklub gehien-gehienak desagertu egin direla. Sex shopeko bideoak erosi, kabinetan erabili edo alokatu ahal dira, baina alokairu zerbitzu hori asko gutxitu da.
Gehien saltzen dira kosmetikoak, lentzeria, lubrifikatzaileak eta feremonadun lurrin afrodisiakoak ere
Gaur egun, kabinetako topaketek gertatzen jarraitzen dute. Asteburuetan sarrera bat kobratzen da, eta gainerako egunetan sarrera doakoa da. Bezeroak batzuetan interneten bidez geratzen dira, kontaktu weben bidez, edo sex shop kanpoan egoten dira begira eta gero sartu. Betiko kabinez gain, ziega bat ere badute hamar lagunentzat, pertsonak lotzeko aukerarekin, ohatila, sofak...
Despedidak, liburutegia, kosmetika, lentzeria, lubrikatzaileak... eta klonak!
Gazi-gozoa da despedidena. Batetik dirua uzten dute, baina diskrezioa bilatzen duten bezeroentzat 10-12 laguneko kuadrilla bat sartzea despedida baterako objektuak erostera... "Kontu handiz tratatu behar duzu jendea" diote hirurek. "Bezeroak kalean ez dituzu agurtu behar, eurek agurtu ezean, batez ere, euren bikotekideekin doazenean", diote barrezka. ("Hori ez idatzi, hori ez idatzi, orain denek pentsatuko dute euren bikotekideaz ari garela"). Diskrezioa da negozio honen giltza.
Aldizkariak eta liburuak ere saltzen dituzte, baina gehien saltzen dira kosmetikoak, lentzeria, lubrifikatzaileak eta feremonadun lurrin afrodisiakoak ere. Rosa Vasquezek azaldu du gizon, emakume eta pertsona ez bitarrentzat daudela.
Jolas erotikoak ere badira bikoteka edo taldeka jolasteko, baita opari pertsonalizatuak ere: "Zure zakila edo alua edo beste zerbait klonatu ahal duzu, adibidez, eta oparitu". Masturbatzeko balio ahal dutela azaldu du Vasquezek. Bonba xurgatzaileak ere asko saltzen omen dira, zakilean odolaren zirkulazioa areagotzeko: "Stripperrek maiz erabiltzen dituzte, hori eta eraztunak ere, azkenean 20 minutuko saioan buztana odolkitua izateko balio die", esan du Saenz de Pujanak. "Eta erekzioei hobeto eusteko ere erabiltzen dira", gehitu du Perezek. Emakumezko batzuek alua estutzea bilatzen dute, baina batez ere lentzeria, lubrifikatzaileak, orgasmo indartzaileak eta klitori estimulagailuak, eta ipurdi-sexurako bero efektuak ere asko saltzen direla esanez bukatu du Rosak.
Hirurak bat datoz esatean izugarri aldatu dela negozioa: materialak, produktuak, pornoa, aniztasuna... oso azkar doa dena. Beste edozein arlotan bezala, krisi garaiak ere izan dituzte: pandemia, baita sex shop kate handiekin "lehia", sare sozialak...
Argi dute euren bizi-iraupenerako gakoa gertutasuna eta bezeroarekiko tratua direla. "Hemen produktuak ikusi eta haztatu ahal dituzu. Interneten bidez batzuetan erosten duzu eta gero etxera datorkizuna ez da berdina, agian materiala ez da espero zenuena, edo argazkia eta produktuaren artean alde handia dago".
Urteotan anekdota ugari bildu dituzte, "baina aitortu ezinak". Hirurek egin dute barre. Diskrezioa.