Uztailaren 18an inauguratu zuten Izaskun Arrue kulturgunea, eta, geroztik, astez aste ate desberdinak irekitzen ari dira Gasteizko euskaldunen erreferente izan nahi duen txokoan. Bost laguneko lantaldea martxan da, egitarau eskaintza askotarikoa taula gainean, eta dozenaka lagunek deskubritu dute dagoeneko.
Nolakoak izan dira lehenengo hilabeteak kulturgunean?
Erronka bat genuen esku artean, eta ilusioz hartu ditugu lehendabiziko hilabete hauek. Gogotsu geunden proiektua martxan jartzeko, eta pozik. Lanpetuta, baina pozik.
Harrera ona izan dute lehenengo jarduerek?
Oihaneder Euskararen Etxea itxi zenetik bi urteko etenaldi bat izan da halako espaziorik gabe, eta denok geunden esperoan. Harrera orokorrean oso ona izan da; hainbat jardueratan sarrerak agortu ditugu, eta jendea gerturatzen ari da jardueretara eta beren-beregi sortutako bisita gidatuetara. Gasteiztarrek badute interesa ezagutzeko, eta euskal kulturan mugitzen ari diren sortzaileek hemen egoteko harrera on hori ere erakutsi dute. Nabaritu dugu, bai.
Bi urteko etenaldiak utzi du arrastorik?
Bai, proiektuarekin lortuta geneukan erreferentzialtasun hori berriro berreskuratu behar dugu. Nabaritzen dugu jendeak ez duela hainbeste lotzen hau Oihanederrekin, horren jarraipena dela. Ikusi dugu hor ere lanketa bat egin behar dela. Izena ere aldatu zaio, izen ofiziala Izaskun Arrue Kulturgunea du orain, lehen Gasteiz Antzokia irudikatzen zenean, eta hori guztia ere bideratzea dagokigu. Nabaritzen dugu bi urte hauetan galdu duguna, eta berriro berreskuratu beharko dugu.
Oraindik bisitatu ez duenarentzat, ezagutzen ez duenarentzat, zer du espazio honek?
Ruiz de Bergara jauregia aurkituko du, guztiz birgaituta; lau solairutan bereiztuta, areto bat, antzoki bat, taberna, lan espazioak eta erabilera anitzeko gelak ditu. Oraindik zenbait kontu falta diren arren, gutxinaka goazelako dena atontzen, ia espazio guztiak daude erabilgarri.
Baliabide teknikoak prest daude?
Oraindik ikus-entzunezko eta argien muntaia egitea falta da, taberna irekitzearekin batera; horiek urtea amaitu aurretik prest izatea aurreikusten dugu, hurrengo egunetan.
Kulturgunea martxan da, baina oraindik beste eragile batzuekin osatutako Euskararen Etxea abian jartzea falta da, ezta?
Bai, oraindik ere beste eragile batzuk kulturgunean egoteko lanketa martxan daukagu. Mailaka goaz nolabait karpetak ixten eta martxan jartzen, halako proiektu batek hasieran behar dituen lehentasunezko kontuetatik abiatuta. 2025era begira, falta den Euskararen Etxearen zati horri forma ematea irudikatzen dugu.
Programazio eskaintza zabala duzue hurrengo asteetarako, baina zer nabarmenduko zenuke?
Jabetze Eskola da, esaterako, apustuetako bat, UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin batera antolatu duguna, elkarlan zaharretako bat berreskuratuta. Euskararen inguruan hausnartzeko foro bat da, gogoetarako eta ahalduntzeko foroa, maiatzera arte luzatuko dena. Eta, horrekin batera, beste hamaika jarduera. Gabonetan programazio berezia izango dugu etxeko txikienei zuzenduta, bi astean behin kontzertuak izango ditugu, edota diziplina ezberdinetako ikastaroak. Martxora bitarteko neguko programazio guztia antolatuta daukagu, eta, besteak beste, kontzertu ziklo berri bat, Gernikaren inguruko erakusketa bat, antzerkiren bat edo beste, eta ikastaroak izango ditugu.
Nolakoa izaten ari da sortzaile eta eragileekin hartu-emana?
Euskalgintzan eta kulturgintzan ari direnekin osatzen ari gara sarea elkarlanerako eta jarduerak antolatzeko. Lehen Oihanederren genituen batzuk errekuperatu ditugu, eta beste batzuk ere sortu dira. Sare hori ere handitzen doala esan genezake.
Euskaraz jakin ez arren gerturatu nahi duen edozeinentzat ere bada espazioa hau?
Zalantzarik gabe. Euskaraz bizitzeko espazio edo topagune bat sortu nahi dugu, baina hona gerturatu nahi duen edozeini irekia dago.
"Ikusi dugu ez gaudela bakarrik; gertu sentitu ditugu euskalgintzako lagunak"
Nolako harremana duzue Gasteizko Udalarekin? Baretu dira bazterrak?
Esan daiteke elkarlanean bide berri bat irekitzen ari garela, bareago gaude guztiok, eta proiektua gutxinaka etorkizun horretara bideratzen eta bermatzen saiatzen. Inportantea da hasieran oinarri finkoak osatzea bi aldeetatik.
Nolako ikasgaia utzi du prozesu honek guztiak?
Ikusi dugu ez gaudela bakarrik honetan, hori agerian geratu da; Lazarragak lidergoa eraman duen arren, euskalgintzako eragile eta norbanako ugari oso gertu sentitu ditugu, proiektuak behar duen babeserako beharrezkoak diren lagunak direnak, gainera. Ikasgaiei dagokienean, ikusi dugu, zuhurtziaz jokatuta ere, askotan ez dela nahikoa izaten. Bestalde, gauzak tentuz egin behar direla, eta ikusi benetan zer den bideragarria, zer ez, gutxinaka joan, eta, aipatu moduan, ondo finkatu halako proiektu batek behar dituen oinarri horiek gero etorkizunean sorpresa gutxiago egon daitezen.
Bitartean, zorra ordaintzen jarraitzen duzue. Baldintzatu egiten al du eguneroko lana?
Bai, azken batean karga handi batekin hasi zen proiektu hau, eta baldintzatzen du jakinda horri ere elkarteak erantzun behar diola. Gutxinaka goaz zor hori gutxitzen, hilabetez hilabete, baina ezinbestekoa izango da hurrengo urtera begira zor hori arintzeko jarduera bereziren bat egitea elkarte modura eta Izaskun Arrue kulturgunean egiten dugun programaziotik kanpo. Egunerokoa baldintzatzen du azken batean elkarte berdinak kudeatu behar duelako zorra eta kulturgunea, eta babes bila joateko ere zailagoa delako. Elkarteari laguntza eman? Proiektuari? Biei? Batentzat badago, beharbada ez dago bestearentzat. Beraz, bai, baldintzatzen du.