Aitor Vinagret izango da Gasteizko Olentzero berria

Erredakzioa 2024ko aza. 28a, 20:00

Aitor Vinagret 'Patata Minak' ikuskizuna antzezten. Argazkia: ALEA

ALEAk jakin du aktore gasteiztarra izango dela Gasteizko Udalaren Olentzero ofizial berria. Mari Domingirekin batera irtengo da aurten Vinagret, Antton Aranbururi lekukoa hartuta.

Gabonak hurbiltzen ari diren honetan, azken prestaketak eta berrikuntzak antolatzen dabil udala. Etxe berria izango dute aurten Olentzero eta Mari Domingik, eta gainera, Antton Aranburuk ez du Olentzeroren rola hartuko. Aitor Vinagret aktorea izango da ikazkin mitologikoa gorpuztuko duena, eta bera arituko da karrozatik Gasteizko haurrak alaitzen.

Berarekin batera arituko da Ane Pedruzo, aurten ere Mari Domingiren paperean sartuko dena. Galtzagorriak, sorginak eta bestelako izaki magikoak izango dituzte bidelagun, eta Uraren Ezkutuko Lorategian egongo dira, haien etxe berrian, abenduaren 5etik aurrera. Haurrek eskutitzak uzteko aukera izango dute bertan, eta abenduaren 20, 21, 22 eta 23an ikusi ahal izango dituzte etxean bertan, beren laguntzaileen artean.

Aitor Vinagret hainbat proiektutan aritutakoa da Arabako antzerkigintzan, Josune Velez de Mendizabal edo Ane Gebararekin batera, esaterako. Gebararekin batera sortu zuen Patata minak ikuskizuna, lurraldeko herri askotara heldu dena.

Tradizio luzeko sokari segika

Hainbat pertsona igaro dira Olentzeroren jantzitik azken urteotan. Iñaki Lasak 26 urte eman zituen ikazkin larruan sartuta, 2017. urtera arte. Ordutik, lan berean aritu dira Koldo Rey, Mikel Epalza eta Antton Aranburu. Aurten, azalberrituta, Vinagretek jarraituko du tradizioa.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago