Florida parketik Uraren Ezkutuko Lorategira aldatuko dira aurten Mari Domingi eta Olentzero neguko solstizioaren bueltan. Bertan, gutunak uzteko aukera izango dute haurrek. Etxe berriaren inaugurazioa abenduaren 5ean izango da, 16:00etan, eta abenduaren 25era arte egongo dira bertan, 10:00etatik 21:30era. Gainera, aurten ez dira bakarrik egongo, galtzagorriak ere bertan egongo baitira lehen aldiz abenduaren 20, 21, 22 eta 23an, 18:00etatik 20:00etara.
Abenduaren 24ko kalejirari dagokionez, aurten are handiago izango da, karroza bat gehiago egongo baita. Baso mitologikoa irudikatuko du karroza berriak, eta Cal y Canto antzerki taldeak dantza, keinuak eta objektu hegalari handien manipulazioa biltzen dituen Haizearen lorategia ikuskizun ibiltaria eskainiko du tartean.
Guztira, 400 lagun
Basoko karroza berriaren atzetik joango dira Mari Domingi eta Olentzero, haurrek lagunduta. Laugarren eta azken karroza handia izango da eta gozokiak botako dituzte bertatik. Gainera, Erraldoien Konpartsa, baserritarrak, buruhandiak, Gargantua eta galtzagorriak ere izango dira. Judimendiko Joaldunen taldeak ere ez du hutsik egingo eta ibilbidearen hasieran joango da. Esnezaleen, ikazkinen, egurgileen, artzainen, dantzarien eta sorginen taldeak ere bertan izango dira.
Guztira, 400 bat parte hartzailek osatuko dute desfilea. 18:00etan hasiko da Iparralde gizarte etxetik eta Andra Mari Zuriaren plazan amaituko da ohiko ibilbidea eginez. 19:00ak inguruan iritsiko dira Andra Mari Zuriaren plazara eta San Migeleko balkoitik gasteiztar guztiak agurtu eta abestiak abestuko dituzte. Amaierako ekitaldian.