Pintura gorriak berrien azpian

Erredakzioa 2024ko aza. 17a, 08:00

Artyco enpresak egin du lana. ARABAKO ZAHARBERRIKUNTZA ZERBITZUA

Arabako tenpluetako Erdi Aroko pintura gorrien beste adibide bat bistan utzi dute. Miñaogutxiko XII. mendeko elizaren pareta eta gangetan agertu dira marrazki geometrikoak, bi urteko lanaren ondoren.

"Trazu garbi eta sendoz egindako izar gorrixkak eta marrazki geometrikoak" gorde dituzte urte luzez Miñaogutxiko San Bizente Martiriako elizaren hormek, pintura geruza ugariren azpian. Artyco enpresak azken bi urteetan egindako esku hartzeari esker, ordea, gangako zartatuek ikusten uzten zuten Erdi Aroko polikromia gorriak agerian geratu dira, eta horien gainean, XVI. mendeko pinturaren aztarnak. Tenplua XII. mendean eraiki zuten, eta Erdi Aroko egiturari eusten dio.

Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzuak azaldu duenez, "horrek erakusten du berriro ere gure tenpluek ez zutela harria agerian uzten; aitzitik, hormak eta gangak margotzen zituzten, eta denboran zehar diseinu piktoriko berriekin eguneratzen ziren, uneko modaren edo aurreko pinturaren kontserbazio egoeraren arabera". Gaineratu dutenez, pintura horiek, mezu bat transmititzeko ez ezik, "arkitektura erregularizatzeko, ordena, garbitasuna, argitasuna eta nolabaiteko aberastasun artistikoaren sentsazioa emateko eta, zeharka, espazioak tenperatura eta zaratatik isolatzeko ere balio zuten".

Gasteizko Elizbarrutiko Monumentu Katalogoko VIII. liburukian, Micaela Portillak aipatu zituen pintura horiek. Orain, bistan jartzea "albiste zoragarria" dela azpimarratu du Ana Del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak; izan ere, esku hartze horrekin "bide berriak irekitzen dira Arabako tenpluen ondoz ondoko akaberak ezagutzeko".

Miñaogutxiko Done Bikendi Martiriaren elizaren burualdeko horma pinturak berreskuratzeko proiektua administrazio batzarrak sustatu du, berarena baita 2022tik tenpluaren jabetza, eta tenplu horrek zuen aberastasun historikoa eta artistikoa bultzatu nahi izan dute.

Zailtasun handia

Hartara, Kultura eta Kirol Sailak kultura ondarea kontserbatzeko eta zaharberritzeko urtero ateratzen duen diru laguntzaren bidez, 2023an, pinturen hedadura eta kontserbazio egoera ezagutzeko azterlanen lehen fasea egin dute, eta aurten, pinturak estaltzen zituzten kareztadurak ezabatu eta zaharberritzeko bigarren fasea. Guztira, 58.000 eurotik gorako inbertsioa egin dute aldundiak eta administrazio batzarrak, Artyco enpresak herriaren elizan egindako lanetan. Administrazio batzordeak eta enpresak ahalegin handia egin behar izan dute, "zailtasun tekniko handiko lana izan baita", Kulturatik azaldu dutenez.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago