EKAITZ SAEZ DE BURUAGA, ERROTA ZAHARRA

"Auzoa poliziaz beteta dago, baina hori ez da konponbidea"

Jon Hidalgo 2024ko urr. 24a, 13:01

Ekaitz Saez de Buruaga. Argazki: JON HIDALGO

Elkarteak kezka adierazi du delinkuentziaren aurkako mobilizazioen harira, arazoaren erroa desitxuratzen ari dela argudiatuta.

Gasteizko Errota auzoko lonja okupatu batzuen aurka mobilizatzen hasi dira bizilagun batzuk, delinkuentziaren aurkako salaketak eginez. Hainbat eragilek arrazakeria sustatzen aritzea leporatu diete, eta alderdi politiko batzuk migratzaileen aurka egiteko baliatzen ari dira protestak. Auzo elkartearen iritzia ezagutu nahian, Ekaitz Saez de Buruaga kidearekin elkartu gara.

Non kokatzen duzue gai honen abiapuntua?

Bat-batean auzoko atari batzuetan kartel anonimoak agertu ziren, lonjen aurkako bilera batera deitzen. Gaia ez da berria berez, lonja horietako batzuetan bi urte inguru daramate bizitzen, baina auzokideentzako ez da arazo bat izan. Guk maiatzean urteko batzar orokorra egin genuen auzokideekin, eta inork ez zuen gaia atera. Udan bizpahiru albiste atera ziren, lonjetako tentsioen inguruan, eta jaietako eraso matxista baten inguruan, eta hor hasi zen egoera pil-pilean jartzen.

"POLIZIA BIDALTZEKO BADIRA BALIABIDEAK, BAINA BEHARRA DUTENEI LAGUNTZEKO FALTA DIRA"

Eta zer ikusi duzue bilera hauetan?

Haien diskurtsoa ez zen hain arrazista, ez hain txarra, baina jendeak pixkat erantzun zuela ikusita, adoretu egin dira eta hasi dira mobilizazioak deitzen. Gu beldur ginen ea zer gertatu zitekeen, eta ikusi genuen zenbait alderdi politiko zeudela bilera horietan, zurrumurruak sartzen. Manifestaziorako deialdia egin zutenean, argi genuen ez genuela parte hartuko. Lonjetatik pasatu ziren, "puntu beroetan geldituz", eta konfrontazioa ekarri dezake horrek. Delinkuentziaren aurkako borrokan kokatzen dute haiek protesta, baina guk uste dugu honekin ez direla ondo seinalatzen ari benetako erantzuleak. Lonjetan bizi diren pertsonak oso egoera larrian daude. Denak migratzaileak dira, bete gabeko promesa asko jaso dituzte, apurtutako amets asko. Auskalo zer pasatu duten honaino heldu arte, eta hemen topatu dutena da lonja batean bizitzea. 

Ezberdina da arazoaren erroan delinkuentzia edo pobrezia jartzea. 

Aporofobia da benetako arazoa. Azkenean, aldarrikatzen duten bezala, lortzen badute lokal hauek hustu eta pertsonak botatzea, arazoa ez da konponduko. Haiek egoera berean jarraituko dute, beste lonjaren batean sartuko dira, eta denak berdin jarraituko du. Guk uste dugu instituzioek zerbait egin behar dutela. Bi bide ditugu martxan guk auzo elkartetik. Batetik, instituzionala, alderdi politikoekin eta udalarekin hitz egitea, eta pausoak ematen ari gara mozio bat aurkezteko. Eta, bestetik, Gasteizko beste auzo elkarteekin hizketan gabiltza, erantzun kolektibo bat emateko, pisu gehiago izan dezan.

Beldur zarete segurtasunaren aitzakia honen atzean diskurtso arrazista dagoela ezkutatuta?

Antolatzaileen artean ez dugu uste. Hitz egin genuen haiekin, eta haiek ere bazekiten hau mugituz gero eskuin muturreko alderdiek baliatu egingo zutela egoera. Baina agian ez dira konturatzen nolako arazoa sortu dezakeen honek. Voxeko jendea dabil hor bueltan, eta kartelak agertu dira Gasteiz osoan zehar, meskitak eta delinkuentzia nahasten modu arriskutsuan, migratzaileen aurka azken finean.

Zuek beste ikuspegi batetik heldu nahi diozue, arazoaren erroa gizarte politiketan jarrita.

Bai. Ikusten dugu udaletxearen "gizarte politika" izaten ari dela polizia bidaltzea. Gure auzoa poliziaz josita dago, baina horrek ez du arazoa konpontzen. Lonjetako pertsona guztiak migratzaileak dira, askok ez daukate erresidentzia edo lanerako baimenik, erroldarekin arazoa dute, eta horrek izugarri zailtzen du etxea lortzea. Batzuk adin txikikoak dira, eta zerbitzu publikoetan daude, baina hemezortzi urte betetzean ostikoa eman eta bakarrik uzten dituzte. Eta noski, paperik eta baimenik gabe, zein egoeratan geratzen dira? Horregatik uste dugu instituzioek zerbait egin behar dutela. 

Nondik jo beharko lukete instituzioek zuen ustez?

Baliabide sozialak behar dira, eta guk udalarekin hitz egingo dugu, presioa egiteko. Badakigu Gasteizen bi gizarte langile daudela lonjetatik pasatzen, haiekin hitz egiteko eta ikusteko zer behar dituzten. Lan bikaina egiten ari dira horiek, baina bi pertsona bakarrik dira. Baina noski, lapurreta abisu bat dagoenean, segituan agertzen dira zortzi polizia patruila eta hamaika furgoneta. Horretarako badaude baliabideak. Gizarte politiken gastua handitu behar dela uste dugu. Ez dakigu arazoa konponduko duen horrek, baina ziur gauzak erraztuko dituela. Guk bitartean jarraituko dugu gure esparrutik ahal duguna egiten.

Zertan zabiltzate zuek?

Arazoa konpondu nahi dugu, baina ez jendea beste auzo batera botatzen, hala ez da ezer konponduko. Batetik, gure irakurketa plazaratu genuen, erakunde publikoen erantzukizuna seinalatuz, eta bide hori jorratzen gabiltza, alderdiekin biltzen. Bestalde, Errota Anitza izeneko elkarte bat dago, auzo elkartearekin lotura duena, eta denetik egiten dute kulturartekotasuna lantzeko. Elkar ezagutzea eta bizikidetza, hori da gure bidea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago