Besarkatu, zaindu, biziraun

Erredakzioa 2024ko urr. 26a, 10:00

MUnduko 24 herrialdetako 30 argazkilari inguruk ateratako 140 argazki ikus daitezke. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Fotokazetaritzaren alorrean munduan banatzen diren World Press Photo sari nagusien erakusketa zabalik da Gasteizko Montehermoso Kulturunean, azaroaren 17ra arte. 140 irudi bildu dituzte.

Gazako bonbardaketa batean hildako iloba besoetan duen emakume bat ageri da argazkian. Mohammed Salem argazkilari gazatarrarena da irudia, eta aurtengo World Press Photo saria irabazi du. Azaroaren 17ra arte ikusgai dago, Gasteizko Montehermoso kulturunean, astelehenetik igandera, munduko 24 herrialdetako 30 argazkilari inguruk ateratako 140 argazkirekin batera.

Salemen irudiak Gazako genozidioa islatzen du. Emakume palestinar bat ilobaren gorpua besarkatzen. Horixe da argazkiaren izenburua. Inas Abu Maamar 36 urteko emakumea da izeba, eta hark besoetan duena iloba, Saly. Bost urte baino ez zituen. Khan Yunisko errefuxiatu gunean hil zuten Saly, bonbardaketa batean, amarekin eta ahizparekin batera. Israelek Gazan erasoaldia hasi eta hamar egunera ateratakoa da argazkia, urriaren 17an, Nasser ospitaleko gorputegian.

Mohammed Salemen irudia fotokazetaritzaren alorrean banatzen diren sari nagusietan lehiatu diren beste 3.851 argazkilariren lanei nagusitu zaie. Orotara, 61.000 argazki lehiatu dira aurten sarietan.

World Press Photok beste hiru lan ere saritu ditu. Urteko erreportaje grafikoaren alorrean, estigmatizatuta dagoen auzi bati erreparatu dio. Madagaskarren ateratakoa da argazki sorta hori, eta aitona bat eta biloba bat ageri dira. Dada Paul aitonak zahartzaroko dementzia dauka, eta alabak eta bilobak zaintzen dute. Hegoafrikako Lee-Ann Olwage argazkilariarena da erreportajea. Epaimahaiak arazo unibertsal bat jarri nahi izan du agerian: zaintzarena. Argazki sorta "goxotasunez eta samurtasunez" osatu duela esan du epaimahaiak; "irudi hauek gogorarazten digute maitasuna eta gertutasuna oso beharrezkoak direla mundu osoan bizi ditugun gerra eta borroka garai hauetan".

Epe luzeko proiektuen artean, Alejandro Cegarraren Bi harresiak izan da irabazlea. Cegarrak bere esperientzia kontatzen du irudietan; Venezuelatik Mexikora migratzaile gisa egindako ihesaldia. Ukrainan ateratako argazki bat nagusitu da formatu libreko alorrean; Julia Kotxetovaren Gerra pertsonala da lana, alegia. Egunerokoan gerra batean bizitzeak zer dakarren islatzen du argazkiak. Artistak poemekin, audioekin, musikarekin eta ilustrazioekin osatu du proiektua.

Mahai-ingurua

Erakusketaren baitan, eta Mugarik Gabeko Medikuak erakundearekin  elkarlanean, Montehermoso Kulturuneak EnfocAH: fotokazetaritza gatazkan dagoen munduan eztabaida jasoko du. Mahaian, Gaza, Sudan eta Libiako gatazkei eta krisiei kazetaritza arloko estaldura emateko dauden zailtasunak aztertuko dira. Azaroaren 6an izango da mahai-ingurua; Gorka Lejarzegi (fotokazetaria), Sara Creta (kazetaria), Karlos Zurutuza (kazetaria) eta Aitor Zabalgogeazkoa (Mugarik Gabeko Medikuak) izango dira topaketan. Jerusalemen korrespontsal bezala aritu izan den Usoa Zubiriak gidatuko du eztabaida hori. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago