Udal zergak, oro har, %4 igoko dira 2025ean Gasteizen, PSEk eta EAJk Ordenantza Fiskalak EH Bildurekin adostu ondoren. EH Bildurekin lortutako akordioak bi puntu jaitsi du PSEk eta EAJk hasieran iragarritako %6,3ko igoera. Halere, zabor tasaren igoera %80koa izango da batez beste, nahiz eta hobariak aurreikusi dituzten udal talde politikoek. Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramailearen hitzetan, akordio hori udal gobernuaren proposamena baino "bidezkoagoa eta progresiboagoa" da.
Horrela, igoera %4 koa izango da TAOn; Ondasunen Higiezinen Gaineko Zergan; pasabideen prezioan; gizarte etxeetan; Mendizorrotza eta Gamarrako kirol guneentzat; edo urtean zehar ordaintzen diren beste zerga eta prezio publiko batzuentzat. Gainera, hurrengo urtetik aurrera, igerilekuetako txartelerako, gazteak 30 urtera artekoak izango dira, eta ez 25 urtera artekoak, orain arte bezala.
Aurrekontu akordioan jaso diren berritasunen artean hutsik dauden etxebizitzei OHZn %50eko errekargua ezartzea aurreikusi dute; eta zerga horretan pertsona zaurgarrienak babesten dituzten hobariak handitzea.
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari dagokionez, enpresa handientzat %7ko igoera adostu dute udal gobernuak eta EH Bilduk, 2,1era iritsita.
Zabor tasaren igoera
Azken asteetan Gasteizen denen ahotan egon den zabor tasaren igoera handia berretsi du akordioak. Izan ere, gehien igoko den tasa da. Legez behartutako igoera dela azaldu zuen bere momentuan udal gobernuak, zerbitzuaren kostua osorik ordaindu behar baita zerga bidez. Hartara, gaur egun, etxebizitzek zaborren tasagatik ordaintzen dutenaren batez bestekoa 58 euro da, baina ia %80 igoko da hurrengo urtean. Hori bai, tarte desberdinak ezarriko dira errentaren eta etxebizitzen azaleraren arabera, eta kenkariak aurreikusi dituzte.
EH Bilduk egindako ekarpenak "progresibotasun handiagoa" ekarriko duela azaldu du Viterok. Hala, etxebizitzen kasuan, Gasteizen 57.000 etxebizitza baino gehiago dira 90 metro koadrotik beherakoak, udalerriko etxebizitza parkearen ia erdia. Horiek guztiek zabor tasaren beherapena izango dute. Era berean, 120metro koadrotik gorako etxebizitzen ekarpen ekonomikoa hazi egingo da.
Lokalen kasuan, kuotaren tarteak ere handitu dira, eta kostuaren banaketa orekatuagoa adostu da, EH Bilduren ustez, lokal txikienetan "neurriz kanpo" kargatzen baitzen. Adibidez, 300 metro koadro baino gutxiagoko dendek hasierako proposamenarekiko %50 murriztuko dute kuota. Gauza bera egingo da 200 metro koadro arteko tabernekin edo 250 metro koadro arteko jatetxeekin, %75eko beherapena izango baitute txikienek. Tamaina txikiagoko janari denden kuota ere nabarmen murriztu da, formatu guztietan. Aldiz, handitu egin da tamaina handiagoko negozio eta jardueren tasa.
Udal gobernuak proposatutako edukiontzi organikoaren irekiera kopuruaren araberako %10eko hobariari, aparteko %10eko hobaria gehitu zaio akordioaren bitartez, bilketa sistemarako datuak ematen dituzten etxebizitza guztientzat. Era berean, konpostaje programetarako hobariak %5 igo dira akordioari esker, %20ra arte. Zabor-tasari loturiko hobari sozialak ere %5 handituko dira tarte guztietan, hasierako proposamenarekin alderatuta.
Halaber, EH Bilduk energia komunitate berrientzako hobariak hiru urtetik bost urtera igotzea proposatzen zuen, eta hura ere onartu du udal gobernuak.