Gasteizko udal gobernuak (EAJ-PSE) 2025 urterako zergen egitasmoa onartu du. Tasak %6,34 igoko direla aurreikusi du, eta bereziki handia izango da igoera zabor tasan. Izan ere, Europako zuzentaraua eta hondakinei buruzko Espainiako legea betetzeko beharrezkoa da igoera, udal gobernuaren arabera, tasaren bidez finantzatu behar baitute administrazioek zaborra bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzu osoa.
Horretarako, hiru tasa ezarri dituzte, etxebizitzen azaleraren arabera: 83,32 euro 75 metro karratutik beherakoek; 109,94 euro 75 eta 120 metro bitarteko etxeak dituztenek, eta 116,13 euro 120 metro karratutik gorakoek. Lokal, denda eta bestelako jarduerei dagokienez, proiektuak 330 eta 8.418 euro arteko tartea ezartzen du, jardueraren eta azaleraren arabera.
Hobariak errentaren arabera
Igoera horri aurre egiteko, Ogasun sailak hiru hobari mota ezarriko dituela adierazi du. Lehenengoa errenta mailaren araberakoa izango da, eta tasa gehienez %30 murriztuko du. Nolanahi ere, errentagatiko hobariak mailakatuak izango dira, etxekoen unitate bakoitzak duen kide kopuruaren eta urteko diru sarreren arabera. Era berean, %10eko deskontu gehigarriak izango dira familia ugariagatik edo guraso bakarreko familiagatik.
Edukiontzi marroia erabiltzeagatik ere %10eko hobaria ezarriko dute. Edukiontzia 70 eta 190 aldiz ireki beharko da hobari hori izateko. Irekiera kopurua etxebizitzaren azaleraren araberakoa izango da. Eta, horretarako, txartelak eta app-ak etxebizitzari lotuta egongo dira, hobaria ahalbidetzeko. Hori bai, oraingoz udalak ez du argitu nola bilduko diren datu horiek legea betetzeko. Halaber, ez du zehaztu etxebizitza bati txartel edo app bat baino gehiago lotu ahal izango zaizkion. Konpostatzeagatik ere %15eko hobaria egongo da (banakakoa edo komunitarioa), konpostatzea aukeratzen dutenak saritzeko.
"Kalitatezko zerbitzuak"
Gasteizko udal gobernuak azaldu duenez, zergak igotzearen egitasmo horrekin "kalitatezko zerbitzu publikoak" bermatu nahi dituela, eta gogorarazi du azken lau urteetan ia ez dela inolako aldaketarik egon zerga, tasa eta prezio publikoetan, eta kostuak "nabarmen" igo direla, hala nola zerbitzu horiek emateko behar diren beharginena azken bi ekitaldietan %9,5 igo baita.
EAJ eta PSE udal gobernuaren proposamena aurkeztu ondoren, talde politikoei zuzenketak aurkezteko epea ireki zaie, igoera urriaren hasieran onartzeko asmoarekin. Oposizioko talde nagusia, EH Bildu, negoziatzeko prest agertu da herritarrentzat fiskalitate "bidezkoagoa eta progresiboagoa" ahalbidetuko duen akordio bat lortzeko.
Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak fiskalitatea ikuspegi "integral eta arduratsuarekin jorratzearen" garrantzia azpimarratu du. "Kopuru eta ehuneko bakoitzaren atzean, gure bizilagunen beharrei erantzuteko erabiliko ditugun baliabideak daude", esan du Viterok. EH Bilduren ustez, eztabaida ez da soilik zifretan oinarritu behar, "baizik eta baliabide horiek hiriko bizi kalitatea nola hobe dezaketen, bereziki trantsizio ekosoziala, mugikortasuna eta ingurumenaren iraunkortasuna bezalako arloetan".
Garbiñe Ruiz Elkarrekin taldeko bozeramailea kezkatuta agertu da tasen igoerak Gasteizko familietan izango duen eraginagatik. Ruizen ustez, erronka da udalaren finantzaketa beharrak eta etxeetako errealitate ekonomikoak orekatzea.
Aitzitik, PPk uste du Maider Etxebarria alkateak "gasteiztarrei lapurreta fiskala" egin nahi diela.