Beste herritar migrante asko bezala, familia laguntzen saiatzen dira Fernando Sopelana eta Susana Castro gasteiztarrak, ahal duten neurrian, Dominikar Errepublikara dirua bidaliz edo oinarrizko jakiekin eta lehengaiekin betetako paketeak igorriz. Alta, duela bi hilabete, Castroren iloba txikia, Dylan, gaixotu egin zen, eta tratamendu eta botika garestiak behar ditu. Ingurukoen elkartasunari esker, hurrengo hilabeteetan egin beharko duten ahalegin ekonomikoa arinduko zaio bikoteari. "Nire esku balego nik ere lagunduko nuke, orain nirekin egiten ari diren bezala", azpimarratu du Castrok.
Zer gaitz du zuen ilobak?
S. Castro: Arazo txiki batekin jaio zen; pisu gutxi zuen eta ospitaleratuta utzi behar izan zuten. Alta eman ziotenean, bihotzean arazo bat zuela esan zioten, azterketak bi urtera egin beharko zituela. Denbora pasa zen eta teorian dena ondo zihoan. Lau urte ditu orain. Iaz, denge hemorragikoak eman zion. Denge hemorragikoa gainditu zuen, baina duela hilabete pare bat odola botatzen hasi zen sudurretik eta ahotik. Ahoaren barrualdean, gainera, orban zuriak agertu zitzaizkion; ospitalera eraman zuten, eta ospitaleratuta utzi zuten. Hasieran dengea zela esaten zuten, berriz ere, baina azterketa batzuk egin zizkiotenean atera zen hipertentsio portala duela, porta zainaren barneko presioaren igoerak eragindako gaitza. Amari esan diote ebakuntza egin behar diotela, baina beste azterketa batzuen zain gaude, ea lehendabizi tratamendua jartzen dioten eta ebakuntzarik egin behar ez dioten.
Gastu horiei aurre egiteko bazkaria antolatu duzue, urriaren 26an, Errexala elkartean.
F. Sopelana: Oraingo honetan diru asko behar da ilobaren probak ordaintzeko, eta guk bakarrik ezin dugu. Hori dela eta, kuadrillarekin komentatu nuen arazoa, abuztuan, eta bazkari bat egitea okurritu zitzaigun. Bazkariaren xedea dirua biltzea izango da; eta mahaikide bakoitzak bazkaria ordaintzeaz gain, hamar euroko diru laguntza jarriko du.
S. Castro: Ni oso eskertuta nago kolaboratzen ari diren pertsonekin. Fernandoren lagunak dira gehien kolaboratzen ari direnak, eta batzuek, gainera, esan didate afarira joan ez arren, lagundu egingo dutela. Nire esku balego, nik ere lagunduko nuke, orain nirekin egiten ari diren gauza bera egingo nuke.
"Herri-botikan medizinak merkeagoak izan arren, ia inoiz ez dago ezer"
Ospitaleratuta dago Dylan? Zer bizimodu egiten du haurrak?
S. Castro: Etxean dago. Bizitza normala egin dezake. Haur urduria da, oso urduria; eta egia da negar asko egiten duen haurra ere badela. Guk uste dugu hori ere sintoma bat izan daitekeela, negar asko egiten duelako, denagatik negar egiten duelako; zuk janztea nahi badu, negar egiten du; esnea nahi badu, negar egiten du… Baina orain, jainkoari eskerrak, ez du ospitalean egon behar. Hitzorduaren zain dago familia, eta ea medikuek zer esaten dieten.
Nolakoa da osasun arreta Dominikar Errepublikan?
F. Sopelana: Dominikar Errepublikan gizarte segurantza publikoa egon arren, tratamendu eta proba asko ordaindu behar dira, kopagoa dagoelako, beti. Gainera, Dylanen gurasoek seguru pribatu bat badute ere, seguru horren estaldurak oso txikiak dira, eta ez dute behar dituen proba guztiak estaltzen.
S. Castro: Guk hilabetero bidali dezakegun dirua ez da nahiko ilobari egin behar dizkioten proba guztiak ordaintzeko; diru gehiago behar da.
Tratamenduak eta botikak garestiak dira, beraz?
S. Castro: Arreta oso eskasa da, baliabide gutxi daude, eta medikuntza eta botikak garestiak dira, oso garestiak. Badira farmazia herrikoiak, hainbat auzotan sakabanatuta, eta bertan botikak merkeago saltzen dituzte; baina farmaziara iritsi bezain laster, desagertu egiten dira medizinak; eta zu botikara joaten zarenean, ia ez dago ezer, ezta aspirinarik ere. Kasu askotan, ospitaletan lan egiten dutenek eraman egiten dituzte medizinak, jende askok eramaten ditu gauzak, gasak, xiringak… Pertsona ustelak dauden toki guztietan dena kutsatzen dute; gauzak eramaten badituzu zuk, eta nirekin lan egiten baduzu, ba nik ere eramaten ditut gauzak, nik ere arazoak ditudalako etxean. Farmazian gauza bera gertatzen da. Herri-farmazian, medizinak merkeagoak izan arren, ia inoiz ez dago ezer. Diabetikoek, adibidez, intsulina doan dute, baina ez dago intsulinarik, eta ez dago xiringarik intsulina jartzeko, eta berdina gertatzen da beste botika batzuekin.
Eta zer egiten du ordaintzeko aukerarik ez duen jendeak?
S. Castro: Jende asko hiltzen ari da dirurik ez izateagatik. Edo eskatzen dute, edo... Hemen osasunaz kexatzen gara, baina han osasuna... Zuk hitzordu bat behar baduzu, adibidez, eguna ospitalean argitu behar duzu. Hitzordua duzu, baina medikua zortzietan iristen da, edo bederatzietan iristen da, eta zu hor zaude, goizeko lauetatik edo bostetatik, edo lehenagotik, noiz iritsiko zain. Eta kanpotik datozenak, herrietatik, adibidez, han argitzen dute eguna, kontsulta edo azterketa bat egiteko. Ospitale traumatologiko bat dago, eta ospitale horretara joaten zarenean, adibidez, "dirua ezkerretik" eman behar duzu (erosi), sartu ahal izateko; eta eskaiola bat jarri behar baduzu, "dirua ezkerretik" eman behar duzu laster irten ahal izateko.
"Hipertentsio portala duela esan diote amari, eta ebakuntza egin behar diotela"
Zenbat balio du Dylanek behar duen tratamenduak?
S. Castro: Ez dakit. Oraindik baditu hitzorduak, eta hitzorduaren egunaren zain gaude zer egin jakiteko. Baina duela gutxi entzefalograma bat egin zioten zain-sistema, garun-sistema, eta hori guztia ikusteko. Ia 200 euro inguru balio duen azterlan bat egin behar izan diote duela oso gutxi, eta noski, azterketa bakoitza momentuan ordaindu egin behar da; medizinak ere ordaindu egin behar dira. Ez da batere erraza.
Familiak laguntza ekonomikoa eskatu dizue Dylanentzat?
S. Castro: Familiak ez du nahi; ez dute inoiz eskatzen. Ezer ez. Ez dakite afaria antolatu dugunik dirua biltzeko, ezta imajinatu ere. Jakingo balute, agian, haserretuko lirateke, edo bestela, negarrez hasi. Familiak ez du inoiz ezer eskatzen; tira, txokolatea bai, eta euskal pastela ere, kar, kar.
Zuek hemendik bidaltzen ohi duzue dirua?
S. Castro: Bai, beti. Amari bidaltzen diot, familiarentzat laguntza moduko bat delako. Oso ohikoa da laguntza bidaltzea Latinoamerikako herrialdeetan. Latinoamerikako beste pertsona batzuk ezagutu badituzu, badakizu hemen gaudenok beti bidaltzen dugula familiarentzat laguntza. Beti. Agian hemengo jende askok ez du ulertuko. Hemen jende asko dago agian gurasoei ekonomikoki laguntzen ez diena, gurasoek pentsio bat dutelako edo ez dakit zer. Baina han bada pentsiorik ez duen jendea. Adibidez, nire ama. Sukaldaria izan den arren, ez du pentsiorik.
Zein egoera ekonomikotan daude Dominikar Errepublikako familiak?
S. Castro: Han ez da Kuban edo Venezuelan bezala; denetarik dugu, gauzak eros daitezke, baina gertatzen dena da garestia dela. Desoreka handia dago irabazten diren soldata pobreen eta txikien artean eta bizitzaren kostuaren artean. Janaria oso garestia da; eta haragia, garestia. Familiek ahal duten moduan ahal dutena jaten dute. Egunen batean oilaskoa jan badezakete, oilaskoa jaten dute; beste egun batean txahal okela edo txerri okela edo arrain pixka bat eros badezakete, hori jaten dute. Baina garestia da. Izan ere, pertsona batzuek 400 euro inguru irabazten dute hilean. Etxe propioa duena pixka bat hobeto dago, baina errenta bat ordaindu behar duena, oso-oso gaizki.