Gasteizen, Plaza Berrian egingo ditu Hispanitate Eguneko ospakizunak Guardia Zibilak, urriaren 12an, Gasteizko Udalaren baimena jaso ostean. Memoria Osoa plataformak, berriz, Guardia Zibila goraipatuko duten bitartean, haren biktimak "ikusarazteko" eta haiei "ahotsa emateko" ekitaldi solemnea antolatu du. Artium museoan egingo dute, 10:30ean, Auditorio gunean.
Memoria Osoa plataformak azpimarratu du "sentsibilitate eta iritzi guztiak erabat errespetatuz" adierazi nahi dutela Guardia Zibilaren ekintzen aurkako gaitzespena, baina aurrez aurre duten helburua alboratu gabe: "Bizikidetza demokratikoaren eraikuntza", alegia. Horregatik, eragile sozialei eta politikoei zein herritarrei urriaren 12an antolatu duten ekitaldira joateko dei egin diete, "biktimei zein beraien familiei babesa ematera eta haien mezua entzutera".
"Giza eskubideen milaka urraketaren arduraduna" den Guardia Zibila omenduko dela salatu dute institutu armatuaren biktimek, eta Guardia Zibila "zuritzeko estrategia" dagoela atzean. "Guk pairatu dugun indarkeriaren apologia eta gorespen ekintza argiak dira, eta, aldi berean, ez zaie eskatzen eragindako minaren aitortzarik eta erantzukizunik". Kasu horietako asko oraindik zigorgabe dirautela gogorarazi dute.
"Norabide aldaketa"
Horren atzean Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen, memoriaren eta biktimen arloetan izandako "norabide aldaketa" dagoela uste dute. Era berean, salatu dute gobernu berriak orain arte egindakoa ezerezean utzi nahi duela, eta gaitzetsi dute bizikidetza eraiki ordez "kontakizun bat inposatzera" bideratuago dagoen estrategiari heldu nahi izatea: "Egun batetik bestera ezabatu nahi dute azken hamar urteotan gehiengo sozialak ahalegin, ausardia eta itxaropen handiarekin eraikitakoa, agian ez daudelako prest gure biktima izaerarengandik ondorioztatzen diren erantzukizun penal eta politikoei aurre egiteko".
Memoria Osoaren irudikoz, gainera, norabide aldaketa horretan Gasteiz kokatu dute "bizikidetza eraikitzera baino kontakizun bat inposatzera bideratuago dagoen estrategia baten ardatz gisa". Plataformaren ustez, erakundeen zeregina "berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioetan" oinarritu beharko litzateke. Hori dela eta, hausnarketa egiteko deia egin diete, eta eskatu diete "birbiktimizazioa sustatzeari" uzteko.
Ernai eta Aske urriaren 12a salatuz
Ernai Gazte Antolakundeak ere agerraldia egin zuen atzo, Guardia Zibilak egin asmo duen ekitaldia "onartezina" dela salatzeko. Adierazi zuten hispanitatearen eguna faxismoari gorazarre egiteko baliatu izan dela, "nazio zapalduon errealitatea zein eskubideak ukatu eta errelato espainiar erreakzionarioa inposatzeko". Urriaren 12koa horren adibide dela ohartarazi dute, eta Memoria Osoak deitutako protestan parte hartzeko dei egin dute.
Gogorarazi dute Guardia Zibilak "ardura zuzena" duela Euskal Herriko milaka herritarrek jasandako eskubide urraketetan, eta gaitzetsi dute eragindako sufrimendua onartu ez izana. Guardia Zibilaren ekitaldiak "espainiar proiektuaren asimilazio estrategia" bati erantzuten diola salatu dute, euskal gatazkaren kontakizun "bakar eta faltsutua" zabaltzeko estrategiari, eta zaku horretan sartu dituzte Gasteizen espainiar poliziari egindako omenaldia, erregea eta Grande-Marlaskaren bisita eta Eurokoparen finalerako ezarri zen pantaila erraldoia ere.
Bestalde, errepresioaren aurkako Aske antolakundeak manifestazioak deitu ditu urriaren 12an bertan, Hego Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan, eta baita Gasteizen ere. Indar errepresiboak suntsitu! lelopean mobilizatuko dira, 12:30ean, Aldabe zentrotik irtenda.