Hamarkada askoan lehen aldiz Gasteizko erdigunean ospatuko du Guardia Zibilak urriaren 12ko Hispanitatearen eguna, Espainiako jai nazionala. Orain arte Santsomendiko kuartelean egiten zuten ospakizuna aurten plaza Berrian (Espainia plazan, kasurako) egingo dute, Gasteizko Udalaren baimena jaso ostean. Memoria Osoa plataformak erabakia gaitzetsi du, eta Guardia Zibilaren indarkeria jasan dutenentzat "eraso zuzena" dela salatu.
Urriaren 12an ohikoa baino ekitaldi txikiagoa egingo dela jakinarazi dute, ez dute desfile militarra egingo. Hala ere, meza egingo dute San Migel elizan, eta ondoren domina banaketa egingo dute polizia, epaile eta bestelako pertsonak omentzeko, eta agintari politikoen hitzaldiak egongo dira bertan.
Guardia Zibila gizartera zabaltzen ari dela adierazi izan dute hainbat agintarik azken urtean. Horren adibide dira ekainean Santsomendiko kuartelean egindako lehen ate irekien jardunaldiak. Orduko hartan, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak esan zuen "normaltasun osoz" hartu behar zela ekimena, eta "egun historikotzat" hartu zuen Guardia Zibilak berak. Maiatzean lehen aldiz irten ziren kuarteletik desfilea egitera, Santsomendiko auzoan zehar.
Memoria Osoa edo partziala
Hainbat eragilek Guardia Zibilaren "normalizazio ahaleginak" salatu dituzte, Euskal Herrian tortura gehien egin dituen erakunde militarra delako, besteak beste. Memoria Osoa plataformak agerraldia egin zuen Gasteizen, plaza Berrian bertan, salatzeko Guardia Zibila omentzeak Estatuaren biktimak "umiliatzea eta birbiktimizatzea" dakarrela.
Estatuaren indarkeriaren biktima izan diren Martxelo Otamendi, Axun Lasa, Unai Romano eta Pilar Garaialde izan ziren Memoria Osoaren agerraldian, eta urriaren 12an Gasteizen ekitaldi bat antolatu dutela aurreratu zuten. Guardia Zibilaren biktimak ikusarazi eta haiei ahotsa emateko asmoz egingo dute ekimena, zehaztasun gehiago oraindik eman ez duten arren.
"Giza eskubideen milaka urraketaren arduraduna" den Guardia Zibila omenduko dela salatu dute, eta institutu armatua "zuritzeko estrategia" dagoela atzean. "Guk pairatu dugun indarkeriaren apologia eta gorespen ekintza argiak dira, eta, aldi berean, ez zaie eskatzen eragindako minaren aitortzarik eta erantzukizunik".
Eusko Jaurlaritzaren "norabide aldaketa" salatu dute, giza eskubideen, memoriaren eta biktimen arloetan. Orain arte emandako pausoak ezerezean utzi nahia leporatu diete agintariei, eta salatu dute bizikidetza eraiki ordez "kontakizun bat inposatzera" bideratuagoa dagoela haien estrategia.