Udal Gobernuak jakinarazi du aurrera egingo duela taser pistola elektrikoak erosteko asmoekin. Uztailean jakin zen aukera aztertzen ari zirela, eta orain baieztatu dute bi erosiko dituztela. "Baldintza ekonomikoek ahalbidetzen dutenean" erosiko dituztela azaldu du Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotziak, data zehatzik eman gabe.
18.000 euroko kostua du pistola bakoitzak, eta 13,7 metrora heltzeko gaitasuna, gehienez. Zinegotziak azaldu du ez dagoela zehaztuta zein izango den gailu hauek erabiltzeko protokoloa, eta zein unitateri esleituko zaizkion. Udaltzainek taserrak erabiltzeko prestakuntza berezia jaso beharko dutela aurreratu du Gurtubaik. PPko zinegotziak adierazi du "gutxiegi" direla bi pistola elektriko, "arma zorrotzen erabilera handitzen" ari dela argudiatuta.
Azken hilabeteetan aztertzen aritu dira ea gailu elektriko hauek erabiltzea egokia zen ala ez. Barne mailako txosten batean jaso dute "erabilgarria" eta "egokia" dela taser pistola, arma zorrotzak tarteko dauden kasuetarako, El Correok adierazi duenez. Borraren eta suzko armen arteko "erdibideko tresna" gisa jo dute. Taser pistolek, korronte elektrikoaren bidez, mugitu ezinda uzten du inpaktua jasotako pertsona, denbora tarte motz batez, giharrak kontrolatu ezinik.
Orain arte, Sestao, Santurtzi eta Basauriko udaltzainek dituzte halako tresnak. Ertzaintzaren unitate berezi batek ere baditu, 2017tik. Zaramaga auzoan erabili zuten hauek lehen aldiz taser pistola bat, duela sei urte. El Correoren arabera, Gasteizko udaltzainez gain Trapagaran, Durango eta Barakaldokoak ere ari dira taserrak erabiltzeko aukera ikertzen.