El Correo egunkariak aditzera eman duenez, Gasteizko Udalaren Segurtasun saila taser pistola elektrikoak erabiltzen hastea ikertzen ari da. Irailerako espero omen da barne ikerketaren emaitzak ekarriko dituen txostena eta, sorpresarik ezean, baiezkoa emango dio taserren erabilerari. Hurrengo pausoa izango omen da erabakitzea Udaltzaingoaren zein unitatek eramango dituzten.
Orain arte, Sestao, Santurtzi eta Basauriko udaltzainek dituzte halako tresnak. Ertzaintzaren unitate berezi batek ere baditu, 2017tik. Zaramaga auzoan erabili zuten hauek lehen aldiz taser pistola bat, duela sei urte. El Correoren arabera, Gasteizko udaltzainez gain Trapagaran, Durango eta Barakaldokoak ere ari dira taserrak erabiltzeko aukera ikertzen.
Berez, pertsona bat geldiarazi edo immobilizatzeko balio dute halako armek. Bost segunduz 50.000 voltiorainoko karga bidaltzen du taser ezagunenak, eta horrekin mugitu ezinda gelditzen da erasoa jasan duena. Sipla sindikatuak eta Udaltzaingoaren sindikatuz kanpoko mugimenduak eskatua zioten taserrak ekartzea Iñaki Gurtubai Segurtasun zinegotziari, beste gauza batzuen artean. Bideozaintzarako kamerak jartzeaz gain, aukera ikertzen aritu dira eta ikasturte hasierarako espero dira emaitzak.