Ogibide berria izanik, egonkortze prozesuan daude, eta Euskadiko Komunikazio Bitartekarien I. Topaketak antolatu dituzte duela gutxi Gasteizen.
Zer da komunikazio bitartekotza?
W.L.: Komunikazio zailtasunak dituzten pertsonekin zubi lana egitea da, baina haien autonomia errazten saiatuz, haien bizitzan erabakirik hartu gabe. Komunikazio baliabideak eskaintzen dizkiegu.
A.Z.: Figura profesional berria da, iaz hasi zen lehen promozioa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta aurten Nafarroan. Berria izanik, gu ere merkatua zabaltzen gabiltza, ikusten non egin dezaketen lan. Figura honekin antzekotasun handiena duena zeinu hizkuntza interpretea da, baina bitartekariarentzat zeinu hizkuntza tresna bat soilik da, beste askoren artean. Gainera, komunikazio bitartekariak beti egingo du lan diziplina anitzeko taldean, logopedekin, pedagogoekin eta terapeutekin.
Nolakoa da komunikazio bitartekari batek egiten duen esku hartzea?
A.Z.: Kasuaren araberakoa da. Ezberdinak dira pertsona gor batek behar dituen baliabideak, edo autismoa daukan batek behar dituenak. Gor batek, zeinu hizkuntza baldin badaki eta autonomoa bada, ez du bitartekaririk behar, interpretea behar du.
W.L.: Baina, adibidez, zeinu hizkuntzan alfabetatua ez dagoen haur gor batekin beste baliabide batzuk erabiltzen ditugu, piktogramak, esaterako. Gor-itsuekin zeinu hizkuntza daktilologikoa erabiltzen dugu, kontaktu bidezko zeinu hizkuntza. Espektro autistaren nahasmendua dutenentzat piktograma eta halakoak baliagarriak dira, ezberdin prozesatzen dutelako informazioa. Gauza da tresnak egokitzea pertsona horrek dauzkan komunikazio beharretara.
Zein ezberdintasun daude zuen eta interprete baten artean?
A.Z.: Interpreteek zeinu hizkuntzako maila askoz altuagoa dute, haien tresna nagusia baita, eta bitartekariek B1 maila soilik lortzen dute kurtsoan. Esku hartzeko orduan, interpretearen rola neutroagoa da. Bitartekariak gehienetan egoera zaurgarrian dauden pertsonekin lan egiten du, eta gehiago lagundu behar du gauzak ulertu dituela ziurtatzeko, ez da esanak itzultzea soilik.
“Gortasuna oharkabean pasatzen da, komunikatu nahi duzun arte”
Hala ere interpreteen zaku berean sartzen zaituztete askotan, baita lan poltsetako zerrendetan ere.
W.L.: Bai, eta hori borrokatzen gabiltza, horretarako sortu ditugu topaketak.
A.Z.: Interpreteen aldarrikapena izan zen iaz zerrenda bereiztuak sortzea, bestela gu haienetan sartuko ginelako. Komunikazio bitartekariek ere babestu zuten idatzi hori. Argi ikusten dugu ezberdintasuna, baina akats bat dago definizioetan. Komunikazio bitartekarien dekretu ofizialean jartzen du ziklo honek ordezkatzen duela interpreteen zikloa, baina ez du ordezkatzen, ezin du ordezkatu, desberdinak dira. Interprete lana ikasteko lekuak kendu dituzte, gainera. Oso interprete gutxi daude, eta gizartean behar handia dago, baina figura honek ezin du ordezkatu.
Kasu konkretu batean laguntzera doan pertsona da bitartekaria, edo etengabe pertsona horrekin egongo dena?
W.L.: Bere autonomia lortu arte egingo genuke lan berarekin.
A.Z.: Hori banakako kasuetan, baina komunikazio bitartekari batek lan egin dezake Gasteizko Udalean ere, planak diseinatzen gizarte etxeetan komunikazio zailtasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna hobetzeko, adibidez. Gizarteratzeko teknikari baten antzekoa da, baina komunikazio zailtasunak dituzten pertsonetan espezializatua.
Norbanakoei laguntzeaz gain, gizartea sentsibilizatzeko ere egiten duzue lan?
W.L.: Bai. Horretarako sentsibilizazio tailerrak eta bestelakoak egiten ditugu. Iaz, adibidez, larrialdietako zikloko ikasleengana joan ginen, azaltzera pertsona gorrekin nola komunikatu, gertatu daitekeelako esku hartze batean pertsona gor bat artatu beharra. Oinarrizko hiztegia azaldu genien, agurrak, izena eskatzea, nori deitu nahi dion galdetzea...
"Gizarteak erraztasunak ematen baditu, asko aldatu daiteke egoera"
A.Z.: Sentsibilizazio beharra badago. Beste desgaitasun batzuk ez bezala, gortasuna ez da ikusten, oharkabean pasatzen da harekin komunikatu behar duzun arte. Gizarte etxeekin ere saiatu izan gara irisgarritasuna hobetzeko neurriak proposatzen. Gizarte etxe bakoitzean langile batek gutxienez zeinu hizkuntza erabiltzen baleki, pertsona gor gehiago hurbilduko lirateke. Ondo legoke bukle magnetikoa erabiltzea ere, inplante eta audifonoak dituzten pertsonei giroko soinua kentzen laguntzen dien gailua. Halakoak badituzte gizarte etxe askotan, baina langileek ez dakite erabiltzen. Hor ere badago zer hobetua, askotan administrazioak inbertsioa egiten du gailuetan, baina gero ez du denbora inbertitzen langileei erakusteko.
Zuek ez zaudete etengabe beharra duten pertsonekin. Nolakoa da egoera zuek ez zaudetenean?
W.L.: Baliabideak sortu behar ditugu momentu horietarako ere. Komunikazio zailtasunak dituen pertsonarekin landutakoa, gero bere ingurukoei erakutsi behar diegu. Baliabideak egokitzen ditugu haiek etxean erabiltzeko.
Horrela neurriak hartzeak nola aldatu dezake komunikazio zailtasunak dituztenen bizitza?
A.Z.: Iruñean, adibidez, zerbitzu publiko guztien atarian piktogramak daude jarrita, eta autismoa duten pertsonei asko laguntzen diete halakoek, lekuak identifikatzeko. Nafarroako Autismo Elkarteak sekulako lana egin du, eta Kukuxumuxurekin elkarlanean egin dituzte marrazki guztiak. Txikikeriak dirudite, baina gizarteak erraztasunak ematen baditu, asko aldatu daiteke egoera. Beraien eskubidea da gainera, zeinu hizkuntza koofiziala da legez, eta bermatu beharko litzateke, baina hortik errealitatera tarte handia dago.
Komunikazio bitartekarien topaketak egin dituzue ostegunean. Zergatik?
W.L.: Gure profila ikusarazteko, eta komunikazio bitartekarien artean elkar ezagutzeko.
A.Z.: Baita jada sortuta dauden komunikazio bitartekarien elkarteak ezagutzeko ere. Asmoa dugu estatu mailako elkarteen federazioa sortzea. Zerrenda berezituak nahi ditugu, eta hitzarmen kolektiboak ere behar dira, ez baitago ez interpreteen kasuan, ezta bitartekarienean ere.