Eguerdian zehar kalejirak izango dira Alde Zaharra girotzen, Dirty Durum Brass Band eta Gasteiz Kantuz taldeen eskutik. Arratsaldean Ane Gebara eta Aitor Vinagreten Patata minak antzezlanaz gozatzeko aukera izango da.
Euskara ikasten ari direnentzako tarte berezia ere egongo da, egun osoa haientzat ere baden arren. Arratsaldean, ikasleei zuzendutako joko bat egingo da plazan, eta Belarriprest umorezko bakarrizketa ondoren, Amaia Bonoren eskutik.
Amaitzeko, eta publiko gazteagoari begira, kontzertuak. Pasadena taldea eta Annekdotas arituko dira oholtza gainean. Egun osoan zehar janari postuak izango dira plazan, Araba zein Gasteizko gastronomia eta komertzioei leku egiteko. Bestalde, egun osoan zehar dinamizatzaile lanetan arituko dira hiru aurkezle, txandaka, David Gutierrez, Ane Pedruzo eta Josune Velez de Mendizabal.