Hamabi orduz euskaraz jardun eta entzuteko gunea izango da Andre Maria Zuriaren plaza, euskara protagonista izango duen Gasteiz Euskararen Hiria ekimenean. EH Bildu eta Udal Gobernuaren arteko aurrekontu akordioan adostu dute proposamena, eta urriaren 19an ospatuko da egun osoko jaialdia. Kontzertuak, haurrentzako ikuskizunak, zumba, bertso saioa, kalejirak, jolasak, bakarrizketak eta beste hainbat ekimen izango dira kalean.
Antolatzaileek adierazi dute Gasteizen badagoela zer ospatua euskarari dagokionez, eta hirian emandako "urrats handiak" goraipatu ditu Maria Nanclares Euskara zinegotziak. Kale erabilerari dagokionez, euskara gehien entzuten den bigarren hiria da Gasteiz, Donostiaren atzetik. Datua baxua dela ohartarazi dute, halere, %5ekoa soilik baita. Nabarmendu dute hirian euskara menderatzen dutenen ehunekoa asko hazi dela, %30 ingurura heldu arte, "duela hamar urte baino ia %7,5 gehiago". "Geroz eta gehiago gara" adierazi du Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak.
Agerraldian zehar behin baino gehiagotan azpimarratu dute gasteiztar guztiei begira antolatu dela eguna, euskara menderatzen dutenentzat zein harremanak euskara izateko gai ez direnentzat. Bereziki garrantzitsua da, azaldu dutenez, euskaraz jariotasun handia ez dutenek aukera izatea euskarazko aisialdia jasotzeko.
Hizkuntza hauspotzen dutenei esker ona
Euskara protagonista izatea da ekimenaren helburua, erdigunean egotea, "bai praktikoki zein metaforikoki". Gasteiz "Euskararen Hiria bihurtu nahi dugu", adierazi du Uriartek, "gure hizkuntza eremu akademikotik harago kalera ateraz eta denona eginez". Euskaraz aisialdiaz gozatzea posible dela erakutsi nahi izan dute antolatzaileek. Herritar guztiek, adin tarte guztiek eta euskara maila guztiek izango dute tokia Andre Maria Zuriaren plazan.
GEU elkarteak hartu du proiektuaren gidaritza, eta elkarteko Uxue Alonsok azaldu du Gasteizko "euskalgintza oparoa" omendu nahi dutela. Gasteiz Euskararen Hiria proiektuaren babesle izan diren AEK, Hegoalde, Bai Euskarari eta ALEA nabarmendu nahi izan ditu Alonsok.
Ekimenak helburu ugari barnebiltzen ditu; euskalgintzaren erakusleihoa sortzea, askotariko publikoak "gurera ekartzea" eta sortzaile euskaldunei eta gazteei euskarazko plaza eskaintzea, kalitatezkoa eta gozagarria. Lehen edizioa bada ere, EH Bilduk adierazi du "etorkizun oparoa izatea nahi dutela".
Hamabi ordu euskaraz
Goizean familientzako tartea izango da. Magia ikuskizunak, tailerrak eta kirol jolasak izango dira plazan. Hezkuntza formaletik kanpo familia transmisioan eragiteko asmoz, etxeko txikienentzako eskaintza osatu dute. Zumba herrikoia ere egongo da, eta baita bertso saioa ere, 13:00etan.
Eguerdian zehar kalejirak izango dira Alde Zaharra girotzen, Dirty Durum Brass Band eta Gasteiz Kantuz taldeen eskutik. Arratsaldean Ane Gebara eta Aitor Vinagreten Patata minak antzezlanaz gozatzeko aukera izango da.
Euskara ikasten ari direnentzako tarte berezia ere egongo da, egun osoa haientzat ere baden arren. Arratsaldean, ikasleei zuzendutako joko bat egingo da plazan, eta Belarriprest umorezko bakarrizketa ondoren, Amaia Bonoren eskutik.
Amaitzeko, eta publiko gazteagoari begira, kontzertuak. Pasadena taldea eta Annekdotas arituko dira oholtza gainean. Egun osoan zehar janari postuak izango dira plazan, Araba zein Gasteizko gastronomia eta komertzioei leku egiteko. Bestalde, egun osoan zehar dinamizatzaile lanetan arituko dira hiru aurkezle, txandaka, David Gutierrez, Ane Pedruzo eta Josune Velez de Mendizabal.