"Ez dugu onartuko lapurtutakoa opari gisa ematea"

Erredakzioa 2024ko ira. 27a, 10:38

Zalantzak agertu ditu Osasun Publikoa Aurrera plataformak Lakuabizkarrako EAGren iragarpenaren aurrean.

Osasun Publikoa Aurrera plataforma mesfidati agertu da Osakidetzak, Lakuabizkarra auzoan, agindu duen EAG (Etengabeko Arreta Gunea) zentro berriaren irekieraren aurrean. Ostegunean, Olagibelgo osasun etxean kontzentrazioa egin dute, eta iragarpen hori izan dute hizpide. "Lakuabizkarran EAG bat irekiko dela jakin dugu, baina 24 orduko zerbitzuarekin? Behar adina langilerekin? Ez dugu onartuko lapurtutakoa opari gisa aurkeztea, eta ez gara konformatuko tantaka egindako promesekin", azpimarratu dute bertan.

Plataformako kideek gogoratu dute, Laudion, osasun profesionalen faltagatik, azken hilabeteetan jazo diren arazoak: "Profesional nahikorik gabeko osasun zentroak eta osasun zentrorik gabeko tokiak daude oraindik eta, bestela, galdetu diezaiotela Laudioko herriari, dagoeneko bi herritar galdu baititu". Halaber, salatu dute larrialdi zerbitzuak "gainezka" daudela; eta itxaron zerrendak "onartezinak" direla kritikatu dute. Era berean, gogoratu dute 17:00etatik aurrera pediatrarik ez dagoela osasun zentroetan. "Osasun langileak gaizki tratatuak dira; buru osasuna da oraindik ere Osakidetzaren arreba pobrea; zainketa zerbitzuak gehienbat pribatuak dira; eta anbulantzien egoerak babesik gabe uzten gaituela", esan dute.

Euskal osasun itunaren aurrean "erne" egoteko deia egin du Osasun Publikoa Aurrea plataformak, eta esan dute foro horretan "pribatizazioaren alde egiten duten alderdiek eta hartaz baliatzen diren enpresariek" parte hartzen dutela.

Halaber, berretsi dute lehenengo helburua, pribatizazioak geldiarazteaz gain, lehen mailako arreta indartzea izan behar dela, "osasun sisteman sartzeko atea delako eta gaitzen prebentzioan eta osasuna mantentzean ezinbesteko lana egiten delako". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago