PPk gaitzetsi egin du atzo Daviden izarra zuten banderak kendu izana, eta adierazi du ikur horiek ez dutela zerikusirik Israelgo estatuarekin, ez "Israel eta Palestinaren arteko gatazkarekin". Salatu dute juduen aurkako gorroto diskurtsoak sustatzen direla halako erabakiekin. Aurreratu dute azalpenak eskatuko dizkiotela PSEri.
Atzo Gasteiz Txiki auzo elkarteak ohartarazi zuen Israelekin lotutako ikurrak zeudela Erdi Aroko azokaren dekorazio artean, eta kentzeko exijitu zion udalari. Atzo bertan kendu zituzten Erdi Aroko azoka daramaten enpresako langileek, udalaren eskariz. Juduen ikurra den Daviden izarra ikus zitekeen bandera batzuetan, Israelgo banderaren kolore txuri eta urdinez egina. Israelgo banderan agertzen da ikur hori, eta auzo elkarteak salatu zuen "onartezina" zela halakoak Gasteizen izatea, Gazako genozidioaren eta Libanoko bonbardaketen testuinguruan.
Gasteizko Udalak banderak kentzea erabaki zuen, polemika ekiditeko asmoz, nahiz eta azaldu ikur historikoak zirela, politikarekin zerikusirik gabeak. Hala ere, Gasteizko PPri iruditu zaio udal gobernuak polemika sortu duela, eta "ikur historikoekin politika egitea" leporatu dio udalari. Argudiatu dute urteetan zehar egon direla ikur hauek Erdi Aroko azokan, eta Gasteizen juduen komunitateak "mendeetan zehar izandako presentzia" irudikatzeko erabili izan direla.
Banderak kentzeko erabakia "aldebakarrekoa eta antisemita" dela esan du PPk. Udalari leporatu dio ez duela bete elkarbizitza eta aniztasun erlijiosoaren alde izan behar duen jarrera. Komunitate juduaren aurkako gorroto diskurtsoak sustatzea ere egotzi dio udalari.