Erdi Aroko azoka izatekoa da asteburu honetan Gasteizen, eta polemika sortu da gaur, azoka girotzeko udalak jarri dituen apaingarrien harira. Gasteiz Txiki elkarteak salatu du bandera batzuetan Daviden izarra agertzen zela, Israelgo banderako ikurra.
Auzo elkarteak "onartezintzat" jo du ikurra erakustea Gazan genozidioa egiten ari diren bitartean. 41.000 pertsonatik gora hil ditu Israelek azken hamaika hilabeteetan Gazan, eta 100.000 inguru zauritu dituzte. Bestalde, azken egunetan Libanon egindako bonbardaketa eta erasoak ere gaitzetsi ditu Gasteiz Txikik. Atzo bertan 550 pertsona hil zituzten sionistek Libanon, zonalde zibil ugariren aurka egindako erasoetan, Hezbollah antolakunde xiitaren aurkako eraso gisa justifikatuta.
Gauzak horrela, Gasteizko Alde Zaharreko auzokideek udalari exijitu diote berehala kendu zitzala Israelgo banderan agertzen den ikurra zeramaten apaingarriak, eta "probokazio" gisa hartu dute jarri izana bera.
Kendu egin dituzte, "azokari kalte ez egiteko"
Gasteiz Txikik salaketa egin eta ordu batzuetara, Gasteizko Udalak azoka daraman enpresari eskatu dio Israelekin lotutako ikurrak kentzeko. Udalak argitu du "adierazpen historikoak" direla banderak, eta ez dutela inongo jarrera politikorik sustatzeko asmorik. Izan ere, juduekin lotzen da orokorrean Daviden izarra, nahiz eta Israelgo banderan ere agertzen den. Hala ere, eragile batzuek salatu dute "ez dela kasualitatea" Daviden izarra zeramaten banderak kolore zuria eta urdina izatea, Israelen koloreak, hain zuzen.
Azalpen horiek emanda, hala ere, kentzea erabaki du udalak, ez duelako kaltetu nahi izan "Gasteizko ekimen garrantzitsuenetakoa den Erdi Aroko azoka".