Gasteizek Erdi Arora bidaiatuko du, beste behin, asteburu honetan. Musikaz, ikuskizunez eta pertsonaia fantastikoz beteko dira Alde Zaharreko kaleak ostiraletik igandera. "Saltinbankiak, juglareak, akrobatak eta malabaristak" iragarri ditu Gasteizko Udalak. 200 postutik gora izango dira kalean, artisautza produktuz, elikagaiez eta bestelako betetako eskaintzarekin.
Ostiral arratsaldean zabalduko da merkatua, 18:00etan, Aihotz plazan egingo den pregoiarekin. Merkatuan parte hartuko duten antzerki konpainia guztiek desfilea egingo dute gainera. Asteburu osoan zehar ikuskizunak, tailerrak, erakusketak eta bisita gidatuak izango dira, eta Alde Zaharreko kaleetan zehar ibiliko dira antzerkigileak, musikariak, zirkukoak eta izaki fantastikoak.
Sorginen Herrizka Buruileria plazan
Berritasun gisa gune tematiko bat antolatu dute Buruileria plazarako: Sorginen Herrizka. Erdi Aroko sorginen mundu mistikoa irudikatuko dute plazan, eta publiko guztientzako ikuskizunak, txotxongiloak, dantzak eta tailerrak izango dira bertan. Bertaratzen direnek "elezaharretako pertsonaien sekretuak eta ezkutuko kontuak" ezagutzeko aukera izango dute, antolatzaileek iragarri dutenez.
Martin Ttipia plazako haurrentzako txokoan Suru txikiaren txokoa antolatu dute. Hirira heldu den elefante txikia da Suru, Gasteizko neska-mutilekin jolastera datorrena.
Formatu handiko ikuskizunak ere egongo dira Alde Zaharrean. Larunbatean, 19:00etan, La Danza del Orco kalejira abiatuko da Buruileria plazatik, eta beranduxeago, antzerki itxurako piroteknia ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da Phiros, el Dios del Fuego lanaren akrobazia, su eta borrokekin, Buruileria plazan hau ere baina 21:30tan.
Igandean familia osoarentzako beste ikuskizun handi bat izango da, Los Mushdrogs kalejirarekin. Basoko izaki magikoekin girotuta, proposamen honekin emango zaio amaiera Erdi Aroko azokari igandean, 19:00etan.