Lazarraga Kultur Elkarteak ikasturte berriarekin batera kultura programazioa martxan jartzeaz gain, Izaskun Arrue Kulturguneko tabernaren esleipena egiteko lehiaketa abiatu du. Lehiaketaren xedea kulturguneko ostalaritza eremua kudeatuko duen enpresa aukeratzea izango da. Hiru asteko epea dago proposamenak aurkezteko, irailaren 11tik aurrera hasita.
Ruiz de Bergaratarren jauregia zaharberritu ondoren, eraikinak lau solairutan banatutako erabilera anitzeko aretoak eta eremuak ditu bai barne antolaketarako, bai erabilera publikorako. Erabilera publikoa izango duen eremu horietako bat ostalaritza zerbitzurako diseinatuta dago, eta Lazarraga Kultur Elkartearen ardura da espazio horren kudeaketa esleitzeko lizitazio prozesua abiatzea.
Lizitazioan ateratzen den kontratuaren xedea IAKko ostalaritza eremua kudeatuko duen enpresa aukeratzea izango da, horrenbestez, publikotasunaren, berdintasunaren eta lehia askearen printzipioak errespetatuz, beti ere. Bestalde, ostalaritza eremua proiektu osoaren dinamikan egoki txertatzea izango du helburu kontratuak.
Lizitazio epea irekita dagoen bitartean interesa eduki lezaketen guztiontzat tabernaren ezaugarriak erakusteko eta zalantzak argitzeko bisita bat antolatuko du Lazarragak, irailaren 19an, goizeko 10:00etan. Interesatuek aldez aurretik interesa idatziz agertu beharko dute. Era berean lizitazio epea irekita dagoen bitartean interesdunek argibideak eska ditzakete administrazioa@lazarraga.eus helbidean, 747 407 841 telefonoan, edota IAKn bertan (Errementari Kalea, 30-32, 9:00-14:00etan).