Bere lehen denboraldi osoan Izaskun Arrue Kulturgunean eskainiko den kultur programazioa aurkeztu du Lazarraga Kultur Elkarteak. Erakundeak ezagutzera eman duenez, Lazarragak "gogotsu" hartuko du eraikinean maiztasun handiagoz egingo den kultura eskaintza.
Atzera begira jarrita, gogoan izan dituzte duela bi urte Oihaneder Euskararen Etxea itxi zenetik "zain egon diren erabiltzaile, etxeko txiki, familia, euskaldun, gazte, euskara zale eta euskarara hurbildu nahi duen edonor ere".
Aste honetan bertan, irailaren 11n, egin dute lehenengo jarduera: Espazioa izenekoa. Kontzertuen atalean, Petti, Esanezin, Egin Leku deialdiko irabazleen aurkezpen kontzertuak eta Aitzina Folken baitako kontzertuak izango dituzte.
Aurkezpen eta hitzaldiek ere lekua izango dute euskararentzako kulturgune berrian. Hala, Mirene Begiristainek Zer jan hura izan? Elikadura Burujabetza eta Agroekologiaren bidea izeneko hitzaldia emango du. Beste horrenbeste egingo du Badalab eta Fikzio Fabrika kolektiboak Kutxaz kanpo. Hemen pentsatzeari jolastu esaten zaio izeneko mintzaldiarekin. Igor Leturiak, berriz, Hizkuntzei aplikatutako adimen artifiziala eta euskara gaia landuko du. Horiez gain, Euskozenoa egitasmoaren aurkezpena egingo dute, bai eta bisita gidatuak ere.
PROGRAMAZIO BERRIA AURKEZTEAN, GOGOAN IZAN DITUZTE BI URTEZ ZAIN EGON DIREN EUSKALTZALE GUZTIAK
Urte luzez bizikleta gainean ibilitako Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okabe sortzaileek Bidaia bat gure baitan antzezlana eskainiko dute. Oihaneder Euskararen Etxean 2022an egindako TopAraba deialditik ateratako egitasmoa da hau. Ez da izango oholtza gainera joango den TopAraba deialdiko emaitza bakarra, Josune Velez de Mendizabal, Aitor Vinagret, Beñat Fontaneda eta Ainhoa Imaz sortzaileek diziplinarteko metodologian oinarritutako Metraia lana ere aurkeztuko dutelako kulturgunean.
Tailer eta ikastaroak
Idazmenean trebatzeko tailerra ere egingo dute. Irailaren 25ean hasiko da, Manu Lopez Gaseniren gidaritzapean: Literatura-idazketaren hastapenak idazmen tailerra izena eman diote. Helduei zuzenduta, asteazkenetan egingo duten ikastaroa izango da. "Literatura-idazketaren lehen urratsak landuko dira bertan, testu laburrak sortzeko teknikak proposatuz, konplexutasunean mailaz maila aurrera egiteko", azaldu du Lazarragako lantaldeak.
Bestalde, Oihanederren hasitako elkarlan eta saretzeen emaitzek gauzatzen jarraituko dutela adierazi dute antolatzaileek. Hala, Montehermoson urtez urte egindako hainbat lankidetzatatik abiatu direlako orain oholtza gainean ikusgai eta entzungai izango diren sormen batzuk. Horren adibide dira Aitzina Folk jaialdiaren barruan egingo diren kontzertuak edota UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin eta Manex Agirreren kolaborazioarekin landu izan den Euskaldunentzako Jabetze Eskola. Azken honen bidez, Gasteizko eta inguruetako euskaldunentzako "beharrezkoa den hausnarketarako, ahalduntzerako eta artikulatzeko" balio nahi du. Bestetik, herrialdean ondo finkatutako bi jaialdik hitzorduak izango dituzte ere Ruiz de Bergara jauregian: Magialdia (Asier Kidam) eta Komedialdia (Les bobé bobé eta Beatriz Egizabalen bakarrizketa berriaren estreinaldiarekin). Horrez gain, beste hitzorduetako batzuk honakoak izango dira: Kopla Txapelketako finala, Hitz esana (Mejillon Tigre kolektiboa), ZTIAM erronkak (Elhuyarren eskutik) edota Hizki laburren lehiaketa, besteak beste.
Deialdiak, martxan
Antzokiaren arduradunek programazioaren aurkezpenaren abaguneaz baliatu dira gogora ekartzeko martxan dituzten hainbat deialdi. Hala, irailaren 15era arte irekita mantenduko dute Egin Leku musikari berrientzako plaza.
Martxan den beste deialdi bat Bagare da, Arabako kultura estrategia euskaltzaleak sustatzeko ikerketa beka, hain justu. Dagoeneko laugarren edizioan den Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdian parte hartzeko aukera, berriz, hilaren amaieran irekiko dute, irailaren 27an.
Azkenik, TopAraba izeneko deialdia gogora ekarri dute antolatzaileek. Araban euskal kulturaren sormen esparrua sustatzeko egitasmoa da hau, eta azaroaren 9an deialdiari hasiera emango dioten jardunaldi irekiak izango dira, Miren Luzirikaren gidaritzapean.