Udan zehar ikusitakoak zein bizi izandakoak irudi bakarrean jasotzea lan nekeza izan arren, dozenaka lagunek bizipen horiek ezin hobe islatu dituzte POST-ONTZI 2024 argazki lehiaketan.
Bi kategoria daude lehian: alde batetik, zure argazkia postal bihurtzeko proposamenak; eta, bestetik, testuz lagundutako postal fisikoak.
Boto-ematea eta epaia
Sari ugari ditugu aurten ere. Lehiaketaren oinarrietan jaso bezala, epaimahai batek erabakiko ditu irabazleak postalak bidaltzen dituztenen kategorian. Epaia irailaren 13an ezagutaraziko da.
Argazkia postal bihurtzeko kategorian, aldiz, irabazleak boto herrikoi bidez erabakiko dira. Bozketa irailaren 12ko gauerdian itxiko da, eta ALEAren webgunean bertan egin ahalko dute herritarrek beraien aukeraketa. Erabiltzaile bakoitzak hiru boto eman ahalko ditu gehienez; IP helbide bat, hiru boto.
Gainera, dagokien saria jasotzeaz gain, aurkeztutako lan guztiak LABE Gazte Laborategian antolatuko den erakusketan izango dira ikusgai, irailaren 20tik aurrera eta urriaren 10era arte. Asteazken, ostegun eta ostiraletan 17:30etik 20:30ak arte.