Kabul afganiar hiriburuaren egoera soziala talibanek boterea hartu zutenetik, Gazako palestinarren eguneroko bizitza eraso eta atentatu artean... Bernat Armengue fotokazetaria hauen eta munduko beste zenbait gatazkaren lekuko izan da, Associated Press agentziarako lan egiten. Goizean bere lana aurkeztu du "Bai, benetan gertatu da: porrot kolektibo baten zantzuak iruditan" deituriko erakusketaren bisitan, kazetaritza jardunaldien barruan antolatu den jarduera.
"[Kazetariok] ez dugu mundu osoa kontatzen, munduaren zati txiki bat baizik", adierazi du bisitaren amaieran. "Zati asko biltzerakoan, orduan zerbait helarazten diogu audientziari". Gaur 19:00etan hitzaldi bat emango du Armenguek Europa Biltzar Jauregian, mende honetako bigarren hamarkadatik gaur egunera arte jorratu dituen lan esanguratsuenak azaltzeko. Bihar Mikel Ayestaran freelance kazetari ezaguna etorriko da jauregira ere hitzaldi bat emateko eta kazetaritza jardunaldiekin jarraitzeko. Egitarau osoa hemen duzue eskuragai.