Kazetaritza, bertatik bertara zikloaren hamargarren edizioarekin batera, kazetariak eta adituak iraganez eta gaurkotasunez arituko dira gogoetarako eta eztabaidarako prestatuta dauden jardueretan, hala nola Mikel Ayestaran, Anna Bosch, Ane irazabal eta Olga Rodriguez kazetariak. Azken hamarkadan gizartean eragin gehien izan duten gaiak aztertuko dituzte ekimenaren zehar, gaurkotasun gehiago daukatenetan arreta handiagoa jarriz. Haien artean izango dira Israel eta Palestinaren arteko gatazka, emakumeen kirolak komunikabideetan duen ikusezintasuna eta ultraeskuinak Europan izan duen gorakada, besteak beste.
Ekimenaren ardatza Europa Biltzar Jauregian ospatuko diren hitzaldiak eta solasaldiak dira. Sarrera dohainik izango da, eta bertaratutakoek gatazka eremuetan lan egiten duten profesionalen eta nazioarteko nahiz Estatuko hedabideetako korrespontsalen ikuspuntua ezagutzeko aukera izango dute. Jarduerak 12:00etan eta 19:00etan izango dira, eta gauez hitzaldietan jorratutako gaiekin lotura daukaten filmen zikloa emango dute Florida zinemek, 21:30ean. Sarrerak hiru euro balioko du, eta film batzuen ondoren zineforuma egongo da, gaian adituak diren pertsonekin. Hemen dago egitaraua ikusgai.
Halaber, Bernat Armangue argazkilari katalanaren argazki erakusketa ikusgai egongo da Gasteiz hiribidean, Esto sí ocurrió: esbozos visuales de un fracaso colectivo izenburupean. Azken urteotan gertatu diren gatazkak eta krisialdiak batuko dituzte 45 argazkik erakusketan, abuztuaren 20tik irailaren 15era arte. Armanguek hogei urteko ibilbide profesionala dauka, eta eskuratu dituen nazioarteko sarien artean daude 2023ko Argazki Pulitzerra, Picture of the Year eta World Press Photo sariak.