Txosnen aurkako zigor prozedura abiatu du Foru Aldundiak

Erredakzioa 2024ko abu. 9a, 15:41

Txosna batean txartelarekin ordaintzen. Argazkia: ALEA

Arabako Ogasunak "zigor espedienteak" zabaldu ditu Gasteizko txosnetako batzuen aurka, zenbat diren argitu ez badu ere. 20.000 €tik gorako isunak ekar ditzakete prozedura hauek.

Txosnak Ticket Bai gabe zabaldu ziren azkenean, eta badirudi isunak heltzeko arriskuan daudela. Ogasuneko iturriek baieztatu dute aste honetan "zigor espedienteak" zabaldu direla Ticket Bai sistema bete ez duten txosna batzuen aurka. "Hainbat txosnari" eragingo diela adierazi dute hedabide batzuek, baina inork ez du zehazten zenbat izango diren. Ogasuneko langileek txosnetan egindako ikerketen ondoren zabaldu dute bide hau.

Ikusteko dago ea zabaldutako prozedurak isun bilakatuko diren. Oraingoz salbuetsita gelditu daitezke egoitza fiskala Arabatik kanpo duten elkarteak, edo irabazi asmorik gabeko elkarte bihurtzeko prozesu ofiziala bete dutenak. Foru Aldundiak, bere aldetik, esan du norberak egin behar dituela salbuetsita gelditzeko eskaerak, ez direla berez gertatzen.

Txosna Batzordetik behin eta berriro adierazi dute haiek salbuetsita egon behar luketela Ticket Bai ezartzetik, irabazi asmorik gabeko elkarteak direlako eta Gasteizi ekarpena egiten dietelako jai herrikoiak antolatuz.

20.000 eurotik gorako isunak

Egindako arau haustearen araberakoa izaten da jasotako isuna, Ticket Baiaren legeak dioenez. Huts bakoitzeko, hau da, Ticket Bai gabe egindako salmenta bakoitzeko, 2.000 €ko isuna aurreikusten da. Baina, akatsa berriro errepikatzekotan, zigorra izango da aurreko urteko negozio mailaren % 20aren parekoa, 20.000 €ko gutxienekoarekin. 30.000 €tik gorakoak ere izan daitezke isunak, berrerortzekotan.

Ez dago argi honek txosnei nola eragingo liekeen, edo nola neurtuko litzatekeen aurreko urteetako "negozio maila". Zigor espedienteei aurrean helegiteak aurkezteko aukera izango dute txosnek, ez da automatikoki isuna helduko espedientea zabaldu izanagatik, baina txosnek beren argudioak aurkeztu beharko dituzte Ogasunaren aurrean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago