GASTEIZKO TXOSNAK

Jai herrikoien aldeko aldarria Gasteizko kaleetatik txosnetara

Erredakzioa 2024ko abu. 3a, 23:35

Ehunka pertsonak babestu dute "Erasoen gainetik, jai herrikoiak aukera" lelopean Gasteizko erdialdea zeharkatu duen manifestazioa. Zabaldu dira txosnak, abuztuaren 9a arte egongo dira Arabako campusean.

Zalantza askoko asteen ondoren, zabaldu ditu ateak Gasteizko txosnaguneak. Eta protestan zabaldu ditu, gainera. Ticket Bai sistema ezartzeko beharra eraso gisa ulertu dute Txosna Batzordeko kideek, eta ehunka gasteiztar batu dira aldarrira. Faroloietik txosnagunera ibilbidea egin du manifestazioak, eta txosnen irekiera ekitaldia izan da bertan.

Arabako Foru Aldundiaren "arduragabekeria" salatu dute txosnagunean, eta txosnak jomugan jartzeko erabilitako "makinaria administratibo mediatiko" guztia arbuiatu dute. Irabazi asmorik gabeko lana egiten dutela berretsi dute, eta Ticket Baitik salbuetsita egon behar dutela, azken asteetan aldarrikatu duten moduan.

Omenaldietarako denbora ere izan da. Urtero bezala, Txosnisaria banatu dute, batzordeak goraipatu nahi izan duen kolektibo bati eskaintzen zaiona. Aurten, Palestinako herria gogoan, Palestinarekin Elkartasuna elkarteari eskaini zaio saria, genozidioa eta hamarkadetako gatazkaren alde egindako lanagatik. Taldeko Pili eta Agusek jaso dute saria.

Kontzertuak hasi dira jarraian eta hasiera eman diote 2024ko txosnaguneari. Dozenaka kontzertu eta emanaldi eskainiko dira Arabako campusean abuztuaren 9ra arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago