Abuztuaren 6an eta 7an bi emakume bortxatu zituzten Gasteizko jaietan, eta Mugimendu Feministak salaketa publikoa egin du. Elkarretaratzea deitu dute iluntzean txosnetan, eta ehunka pertsona bertaratu dira erasoak arbuiatzera. Gasteizko Udalak ere gaitzetsi ditu erasoak, eta babesa adierazi die biktima eta ingurukoei. Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa abian jarri du udalak, eta berretsi du "lehen mailako arazo soziala dela".
Mugimendu Feministatik jakinarazi dute beste dozena bat erasoren berri ere izan dutela jaietan zehar, eta agerian geratzen dela "akonpainamendu eta erantzunetarako protokoloen beharra". Biharko, abuztuaren 9rako, elkarretaratzea deitu dute Andre Maria Zuriaren plazan, 19:00etan.
Gasteizko Udalak bat egin du Mugimendu Feministak deitutako gaitzespen ekimenekin, eta parte hartzera deitu ditu herritarrak. Udaleko ordezkaritza instituzionalak bost minutuko elkarretaratzea egingo du ostiralean udaletxe parean, "eraso matxisten aurka" lelopean.
Diario de Noticias hedabideak jakinarazi du, polizia iturriak aipatuz, Gasteizko jaietan izandako bi ziztada kasu ikertzen ari direla.