Gasteizko jaietan lau gizon atxilotu dituzte hiru egunetan indarkeria matxistagatik

Erredakzioa 2024ko abu. 6a, 17:39

Eraso matxisten kontrako elkarretaratzea. Argazkia: ALEA

Abuztuaren 3an eta 5ean bina gizon atxilotu dituzte, genero indarkeriarekin lotutako delituengatik. Horietako hiru bikotekidea kolpatzeagatik atxilotu dituzte.

Gasteizko jaien erdia igarota, indarkeria matxistarekin lotutako hainbat gertakari izan dira egunotan hirian. Lau gizonezko atxilotu ditu guztira Udaltzaingoak, bi abuztuaren 3an, jaien hasieraren bezperan, eta beste bi abuztuaren 5eko goizaldean.

Abuztuaren 3ko arratsaldean, udaltzainei laguntza eskatu zien emakume batek, bere bikotekideak jo zuelako. Etxebizitzara gerturatu zen polizia eta, gertakariak egiaztatu ostean, 30 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, ustezko genero indarkeria kasua egotzita.

3an bertan, 23:00ak aldera, lekuko batek udaltzainei dei egin zien, gizon batek emakume baten aurka indarkeria erabili zuela salatzeko. Udaltzainak bertaratu eta, bikotearekin eta lekukoekin hitz egin ostean, gizona atxilotu zuten, 45 urtekoa, genero indarkeriaren baitan bikotea kolpatzea leporatuta.

Abuztuaren 4tik 5erako gauean gertatu ziren beste bi atxiloketak. Lehena, Alaba Jeneralaren kale inguruan izan zen, goizeko ordubiak baino pixkat lehenago. Emakume batek salatu zuen bere bikotekideak jo egin zuela. Udaltzainek emakumearekin hitz egin zuten, eta indarkeria zantzuak antzeman zituzten. 47 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, ondorioz, genero indarkeria egotzita.

Handik gutxira, 02:30ak aldera, Independentzia kalean zeuden udaltzain batzuen laguntza eskatu zuen emakume batek, gizon batek kolpatu egin zuelako. Gizona zonaldetik urrundu nahian atzeman zuten poliziek eta, bi aldeekin hitz egin ostean eta emakumeak zituen indarkeria zantzuak ikusita, 48 urteko gizonezkoa atxilotu zuten.

Gasteizko Udalak, eta baita Mugimendu Feministak eta Lumagorri elkarteak ere, indarkeria matxista eta LGTBI+foboaren aurkako neurriak indarrean dituzte Gasteizko jaietan zehar, beste hainbatetan eskaini bezala. 747 414 834 telefonoan Mugimendu Feministako kideek erasoa jasan duten emakumeak artatuko dituzte, beharrezko babesa eman eta beharrezko erantzuna antolatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago