Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, eta Gora Palestinar Erresistentzia! lelopean, ehunka lagunek manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik Katedral Berrira, erdiguneko kale ugari zeharkatuz. Jai giroan zebilen jende ugarirengana heldu da hala Israelgo egiten ari den genozidioaren salaketa. Protestan babes osoa adierazi diete Palestinako herriari eta bere erresistentziarako eskubideari.
"Ekidistantziarik gabe. Hemen ez dago berdinen arteko gatazkarik. Hemen, entitate genozida bat eta bere askatasunarengatik borrokatzen ari den herri bat daude. Beraz, ezin dira inolaz ere zapaltzaile eta zapaldua maila berean jarri. Ezin dira parekatu basakeria koloniala, eta jatorrizko herri baten autodefentsa zilegia".
Israel Gazan egiten ari denak genozidioa beste izenik ez duela adierazi dute manifestazio amaieran. 76 urte baino gehiago daramatzan "apartheid eta garbiketa etnikoa" salatu dute, eta erantzuleei izen abizenak jartzeko beharra azpimarratu dute.
Horien artean CAF enpresa seinalatu dute, trenbideak eraikitzen ari dena Palestinako Lurralde Okupatuetan, Israelen kolonizazio prozesuan lagunduz. Joan den uztailean Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du legez kanpokoak direla Israelen koloniak Palestinako lurretan, eta "lehenbailehen" desegiteko agindu dio Israeli. Lur horietan ari da CAF trenbideak eraikitzen, eta Eusko Jaurlaritzak CAF diru publikoz laguntzea gaitzetsi dute mobilizazioan. Ertzaintzak Israelgo armadarekin dituen loturak ere salatu dituzte.
Gasteizko Udalaren jokabidea ere kritikatu dute, Palesinarekiko elkartasun adierazpenak "jai esparrutik ezabatzen buru belarri aritu" dela esan dute. Izan ere, Palestinako banderak erretiratu zituzten txupinazioan, beste gauza batzuen artean, atzo salatu zuten moduan.
Deitzaileen arabera, konponbidea lortzeko ezinbestekoak izango dira "Israelgo entitate kolonialaren desagerpena eta deskolonizazioa"."Palestinar herriari egin ahal diogun ekarpenik handiena da kolaborazio horiek eten daitezen presioa egitea. Boikot, desinbertsio eta zigorren bidez".