Eraso matxista eta LGTBI+foboen aurkako telefonoak aurkeztu dituzte Gasteizko jaietarako

Erredakzioa 2024ko uzt. 31a, 12:24

Mugimendu Feminista eta Lumagorri elkartea protokoloaren aurkezpenean. Argazkia: ALEA

Mugimendu Feministak eta Lumagorrik adierazi dutenez, erasotuei laguntza eta erasoei erantzuna emateko erabiliko dira telefono zenbakiak. 24 orduz egongo dira martxan.

Aurtengo indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aurkeztu dute gaur Mugimendu Feministak eta Lumagorri kolektiboak. Txosnagunean, Aihotz plazan eta erdiguneko toki ezberdinetan egongo da aktibo plana, "erasoei aurre egiten laguntzeko printzipio, oinarri eta balio komun batzuk" zehazteko helburuarekin.

Jaietan gertatu daitezkeen erasoei erantzuna emateko eta erasotuei laguntza luzatzeko telefono zenbaki bat jarri du martxan aurten ere Mugimendu Feministak: 747 414 834. Kasuaren arabera, erasoak publikoki salatzeko deialdia egingo dute hurrengo egunean.

Protokoloarekiko konpromisoa jaietan parte hartzen duten guztien ardura dela nabarmendu dute. Ildo bereran, plana hiru arlo ezberdinetan zatitzea erabaki dute. Pedagogikoa indarkerien gaineko hausnarketa, formazio eta lanketa kolektiboa egiteaz arduratuko da; prebentiboak komunitatearen babesa ziurtatzeko balio du; eta erantzunezkoa, erasoen aurkako jarrera irmoa eta erantzun kolektiboa bermatuko baititu. "Prozesu dinamiko eta aldakorra izan da, esperientziaren bidez eguneratzen joan dena", hala definitu du mugimenduak protokoloa. Protokolo arduradunek, bestalde, momentuan nola erantzun erabakiko dute."Egoera eta testuinguruak anitzak dira; hortaz, momentuko errealitatera moldatzen joango dira".

Halaber, Lumagorri elkarteak LGBTI+fobia salatzeko telefono zenbaki bat aktibatuko du 24 orduz: 633 309 653. Edozein gertakari LGBTI+fobiko pairatu edo ikusi duen edonork jo dezake telefonora, eta elkartearen webgunean online salatzeko aukera ere egongo da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago