Urrezko Domina eman dio alkateak Terrorismoaren Biktimen Memorialari, kritika artean

Erredakzioa 2024ko abuztuaren 6a

Maider Etxebarria eta Florencio Dominguez, saria ematean. Argazkia: Gasteizko Udala.

"Balio demokratiko eta etikoekiko" duen konpromisoagatik eman diote saria oroimen guneari. Zabalik egon den hiru urteetan 85.000 bisitari izan ditu, zentroaren arabera. Memoria Osoa plataformak salatu du Memorialak "kontakizun partziala" egiten duela.

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak hiriaren Urrezko Domina eman zion atzo Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroari. Alkateak gunearekin izandako "harreman estua", nabarmendu zuen, eta aitortza egin nahi izan zion guneari, "askatasuna, giza eskubideak eta balio demokratikoak eta etikoak defendatzen" egindako lanagatik. Florencio Dominguez Memorialaren zuzendariak jaso zuen saria. 

2021eko ekainaren 1ean zabaldu zituen ateak Gasteizko Memorialak, Espainiako gobernuarekin egindako hitzarmen baten baitan. Ordutik, erakusketak, bisitak eta dibulgazio ekitaldiak antolatu dituzte bertan, eta 85.000 bisitari jaso ditu, gunearen arabera, % 60a EAEtik kanpokoak. Astean sei egunez egoten da zabalik, eta ia 100 pertsona jaso ditu egunero azken hiru urteetan. Memoria eragile batzuek zalantzan jarri dituzte kopuru horiek, baina ez dute frogatzeko daturik eskaini.

Memoria baztertzaileari kritika

Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroan memoria ariketa "partziala" egiten dela salatu izan dute hainbat memoria elkartek eta estatu indarkeriaren biktimek. ETAren indarkerian fokua jarrita, Euskal Herrian egondako beste indarkeria mota batzuk ahazten dituela salatu dute, eta "lehen eta bigarren mailako biktimak" sortzen dituela ohartarazi. Memoria osoa plataformak elkarretaratze bat egin zuen abuztuaren 2an Urrezko Domina ematea erabaki izana salatzeko, eta bertan azaldu zituzten arrazoiak sakonago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago