Gasteizko Urrezko Domina emango diote aurten Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroari, Maider Etxebarria alkatearen proposamenez. Estatu indarkeriaren biktimez eta memoria elkarteez osatutako Memoria Osoa plataformak agerraldia egin du gaur Gasteizen, eta salatu du "bizikidetza eraikitzetik aldentzea" eragiten duela saria emateak.
Izan ere, maiz salatu izan dute memoria elkarteek eta Estatu indarkeriaren biktimek memoria baztertzailea egiten duela Terrorismoaren Biktimen memorialak. Memoria gune honen planteamendua Euskal Herriko gizarte zibilak bultzatzen duen "bizikidetza ereduaren aurkako erasoa" da, Memoria Osoak salatu duenez. Estatu indarkeriaren biktimak baztertzen dituen memoriala saritzea "iraingarria eta umiliagarria" dela adierazi dute, eta ohartarazi indarkeriaz betetako hamarkaden inguruko "irakurketa partziala" inposatu nahi duela Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak.
Nerea Martinezek, Memoria Osoaren izenean, salatu du "inposatu" egiten dela kontakizun ofiziala, "interes politiko eta ideologiko batzuen arabera". Kontakizun honekin estatu indarkeria sustatu eta burutu dutenen "zigorgabetasuna" areagotzen dela ohartarazi dute.
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, saria iragartzerakoan, nabarmendu zuen memoriala kudeatzen duen fundazioak "terrorismoaren biktimek ordezkatzen dituzten balio demokratiko eta etikoak babesteko eta zabaltzeko" lan egin duela. EH Bildu aurka agertu zen hasieratik, memoria elkarte batzuekin batera, eta adierazi zuten haien ustez "ez duela Gasteizko Urrezko Domina merezi".
Kritika asko jaso izan ditu Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako zentroak sorreratik. Beste gauza batzuen artean, ez dituelako bereizten Francoren diktaduraren aurkako borrokan egindako ekintzak, eta trantsizioaren ostean egindakoak. Memorialak, adibidez, Meliton Manzanas omendu du, ETAk hildako polizia eta torturatzaile frankista, Gestapo polizia naziaren kolaboratzaile izandakoa.