Txupinazioa eta Zeledonen jaitsierarekin, hasi dira 2024ko Gasteizko jaiak. Andre Maria Zuriaren plaza lepo beteta egon da Iñaki Kerejazuri lehen agurra egin eta jai giroan murgiltzeko.
115 metroko sokatik jaitsi da Zeledonen panpina, Lurralde Etxeen Federazioko ordezkariek txupina bota ostean. Ondoren, Kerejazuk jende artean zeharkatu du plaza, eta izerditan heldu da Andre Maria Zuriaren balkoira. Poz-pozik heldu da Zeledon berria, eta zapiak jarri dizkie Maider Etxebarria alkateari, Sonia Diaz de Corcuera zinegotziari eta Lurralde Etxeen Federazioko kideei. Iciar Ortiz de Urbina Federazioko presidenteak izan du txupina botatzeko ohorea.