Andre Maria Zuriaren jaietan euskarak izango duen erreferentzia bere horretan mantenduko da aurten. Izan ere, eta azken urteotako ohiturari jarraiki, Aihotz Plazan kokatzen den txosnaren ardura hartu du GEU Elkarteak. Erakundeak ohar batean iragarri duenez, aurreko urteetan "oso gustura" lan egiteaz gain, beren "lehentasunezko helburua" lortu dute: Gasteizko jaietan ere euskararen presentzia indartzea. Bada, norabide horretan ibilbidea egiten arraitu nahi dute aurten. Hala, beste behin, Aihotz plaza euskararen plaza bihurtuko dute, "kultura eta sortzaile gasteiztarrak fokuan jarriz".
Inaugurazioa
Abuztuaren 2an irekiko dute txosna, hiru talderekin: BELE, Bidelapurrak eta DJ Pineapple Sweets. Egun hori ere aprobetxatuko dute aurtengo GEU saria emateko. Duela hiru aste inguru elkarteak aurreratu zuenez, Paul Urkijo, Josune Velez de Mendizabal, Beñat Goitia Benizze eta Karmele Jaio kulturgileek jasoko dute aurtengo aintzatespena.
Hurrengo egunean, berriz, familiei eskainitako eguna izango da. Aurreratu dutenez, "ikuskizun polit" bat prestatu dute egun horretarako, Patata Tropikala taldearen eskutik, eta dantza plaza ere izango dute ondoren, Aihotz plazan bildutakoek ederki ezagutzen duten beste klasiko batekin: Azido folkloriko. Behin jaietan bete-betean murgilduta, ekitaldi sorta zabala ondu dute, tartean kontzertu akustikoak eta drag performanceak izango dituztelarik. Txandetan laguntzeko deialdia ireki dute geuelkartea.eus webgunean izena emanez.