"Eredu" hitza handiegia iruditzen zaio Anna Sardari (Tarragona, 1993), baina Roba Estesak eredu bihurtzeko aukera asko ditu. Sarda baxujolea, biolontxelista eta abeslaria da Roba Estesan, beste zortzi gazterekin batera osatzen duen musika taldean. Nortasun disidenteen ordezkari izan nahi du taldeak eszenatokietan, eta nerabeak zirenean eduki ez zuten eredua bihurtzea daukate helburu.
"Gure diskoetan eta abestietan guk bizi ditugun errealitateak interpelatu nahi ditugu. Musika herrikoiaren historia nolabait maskulinizatua dagoela uste dugu, eta bestelako gaiak txertatu nahi ditugu, mugimendu transfeminista eta queer identitateen irudi izan daitezkeenak", hausnartu du musikariak. Beraien publikoari buruz galdetzerakoan, Anna Sardak onartu du mugimendu hauetan dabilen jendea dela, oro har. "Batez ere interpelatua sentitzen delako gertatzen da, nire ustez”. Duela hogei bat urte existitzen ez zen interpelazioa, Sardaren hitzetan.
Roba Estesa ibilbide luzeko proiektua da, hamar urtekoa jada. 2015ean, Sonidos del Mediterraneo txapelketan lehenengo saria lortu zuen taldeak, eta 2016an kaleratu zuten lehen diskoa, Descalces. "Oso gazteak ginen musika egiten hasi ginenean, eta aldatuz joan dira hasieran genituen musika interesak", azaldu du Sardak. "Folk musikarekin hasi ginen, baina jadanik eraldatu egin da gure estiloa". Taldearen abestiak pop eta musika elektronikotik pasa dira, baina erroak argi ditu, betiere tradizioarekin harremana mantenduz. "Instrumentu tradizionalak erabiltzen ditugu, gitarroa kasu, baina beti alde horrekin jolasten eta guk nahi dugun moduan erabiltzen”, nabarmendu du Sardak.
Euskal sentimenduarekin lotura
Aurten, Roba Estesaren kontzertuak Katalunian, Valentzian eta Euskal Herrian izan dira gehienbat. "Taldeak erro sakonak izan ditu betidanik Katalunian, Valentziako erkidegoan, eta baita Balearretan ere, hizkuntza dela eta", argitu du musikariak. "Ez gara inguru horretatik hainbeste atera. Baina nik uste dut Euskal Herriak Kataluniarekin lotzen duen zerbait badaukala". Bere jaioterrian askotan euskal musika taldeak jotzen ikusi dituela aipatu du, hain zuzen ere lotura "berezi" honi esker. "Kulturalki, sozialki, eta baita hizkuntzari dagokionez ere, esango nuke harreman polita dagoela bi lurraldeen artean". Publikoak euskara edo katalana ulertzen ez baditu ere, badaki "partekatzen diren gaiak eta sentimenduak" daudela abestietan, baxujoleak adierazi duenez.
Publikoarekin konektatzea beraien lanaren alderik garrantzitsuena dela nabarmendu du Sardak. "Pertsona bat interpelatuta sentitzen bada abesten dugunarekin, kontatzen dugunarekin, aldarrikatzen dugunarekin, nahikoa da egiten dugunari zentzua emateko". Roba Estesak argitaratu duen azken lanean, De lo bo, lo millor, taldearen aurreko folk estiloa berreskuratu nahi izan dute, azaldu dutenez, beraien "iraganarekin adiskidetu". "Ildo berean, guk eduki ez genuena eskaini nahi diogu publikoari. Gutxienez beste pertsona batek izan dezan guri falta izan zitzaiguna".