Iciar Ortiz de Urbina Zubeldiari eta Monica Calvori egokitu zaie txupinero lana. Federazioko presidentea eta presidenteordea dira, hurrenez hurren, eta Nafarroa eta Galiziako etxeen lehendakariak.
Lurralde Etxeen Federazioak hamabi etxe biltzen ditu Araban. Aragoi, Asturias, Nafarroa, Katalunia, Andaluzia, Extremadura, Gaztela eta Leon eta Galiziako etxeak daude Gasteizen, eta azkeneko laurek beste egoitza bat dute Laudion ere. Borondatezko lanaren bidez doaz aurrera, eta jakin dute garai berrietara moldatzen, azaldu digutenez.
Ortiz de Urbina eta Calvo, biak dira Gasteizen jaioak, Estatuko beste lurraldeetatik etorritakoen alabak, bigarren belaunaldikoak. Gurasoen jatorriari aitortza egiteko modua da Lurraldeko Etxeetan parte hartzea. Calvok kontatu digu nola elkargune izan diren beti, Arabara lanik eta etxerik gabe heltzen ziren herrikideei lurreratzen laguntzeko lekuak. Eta "morriÒa kentzeko" ere bai, noski.
Aldatuz joan dira elkarteen helburuak. Harrera egiteko eta batzeko leku izaten jarraitzen badute ere, orain "bakoitzaren kultura sustatzeko gune" bilakatu dira gehienbat, komunitateen ordezkari, eta gizarte osoarentzako antolatzen dituzte ekintzak.
Espainiar Estatuko beste lurraldeetatik etorritakoak biztanleriaren %27a dira Gasteizen, eta "harrera ona" izan dutela diote Federazioko ordezkariek, haien arbasoak orokorrean ez direla baztertuak sentitu. Haien etxe bilakatu dira Gasteiz eta Araba; askok urte gehiago eman dituzte hemen jatorrizko herrietan baino.
Beti galdetzen omen diete haien identitateari buruz. "Aita edo ama nor maite duzun gehiago galdetzea bezalakoa da", Calvoren hitzetan. Bigarren belaunaldiek jada ez dute batere talka kulturalik izan, eta euskaldundu ere egin dira asko, hirugarren belaunaldiak batez ere. Hala ere, oraindik "Galizian euskaldunak gara, eta hemen galegoak".
Urtero autonomia erkidegoen jaia antolatzen dute Gasteizen, lurraldeetako produktuen azoka, herri kirolak, euskal dantzak eta beste hainbat kontu izaten dira. "Araban izan dugun harrera onaren erakusle", iaz Laudion pregoilari izan ziren Lurralde Etxeak, eta aurten txupina botako dute Gasteizko jaietan. "Hunkituta eta pozik" daudela esan dute Federazioko ordezkariek, ohorea izan dela. "Gure aurrekoek egindako lanari aitortza egiteko modua da, haiei eskaini nahi diegu".
Euskararen aldeko lana ere egiten dute Lurralde Etxeetan. "Integraziorako tresna" dela esan du presidenteak, "Araba eta Euskal Herriko kultura gure egiteko". Dena elebitan egiten saiatzen dira, eta euskarazko jarduera asko antolatzen dituzte. Iciar Ortiz de Urbinaren ama euskalduna zen, Nafarroako Astiz herrikoa.
Genero aldetik ere aldaketa nabarmena eman da Federazioan eta Lurralde Etxeetan. Harro diote hori Ortiz de Urbinak eta Calvok, paretan zintzilikatutako aurreko bost presidenteen argazkiak seinalatzen, bostak gizonak. Calvo izan zen presidente 2017tik 2023ra, eta ordutik Ortiz de Urbinak hartu zuen lekukoa. Emakumeen sarrera batzuek errezeloz hartu bazuten ere, irabazi dute errespetua eta datozen belaunaldietan emakumeak dira gehiengoa.
Espainiar Estatutik kanpoko migratzaileekin harremana sendotzea egiteke duten lana da oraindik, aitortu dutenez, baina "txertatzeko moduak bilatzen" ari direla diote. Afrikatik edo Hego Amerikatik etorritakoek "antzekotasun asko" dituzte haien arbasoen bizipenekin, garaia ezberdina bada ere.