Abuztuan ospakizun berezi batek elkartuko ditu antzerkizaleak Principal antzokian. Eguberri gaua ospatzeko bilduko da Amesti familia, hiru urtez ikusi ez duten Elena alaba gaztearen zain. Londresetik itzuliko da, baina ez bakarrik, Cindy neska-lagun irlandarrarekin. Inork ez du espero, ordea, Cindy pertsonai ikusezina izatea: hankaz gora jarriko du dena.
Tentazioa antzerki taldearen eskutik helduko da Gasteizera Ez naiz inoiz Dublinen egon obra, Aitziber Garmendia, Mireia Gabilondo, Iñigo Aranburu eta Iñigo Azpitarte aktoreekin. Denak elkar onartzeko zailtasunak gainditu nahian arituko dira taula gainean, Cindy pertsonai ikusezina heltzen denean. Elenak neskalaguna izatea ez zuten onartzen familian duela hiru urte, aitaren papera antzezten duen Iñigo Aranburuk ALEAri gogoratu moduan, eta berriz ere "onartzeko" prozesuan ari dira. "Guk gure ahaleginak egin ditugu gure alaba onartzeko, espero dugun neskalagunari ongi etorria emateko, eta berriro ere onartzeko prozesua hasi behar dugu; hala ez bada, alde egiteko mehatxu egin digulako alabak". Gurasoak ados daude neska-lagun ikusezina onartu behar dutela, baina oso modu desberdinetan egiten dute. "Noraino gaude prest bestea onartzeko? Zenbateko gaitasuna daukagu horretarako?". Komedia arina iruditu arren, sakonagoko gaiak jorratzen ditu obrak, Aranbururen hitzetan.
Abuztuaren 8an euskaraz eskainiko dute, eta abuztuaren 9an gaztelaniaz, biak 19:30ean, Gasteizko jaien amaieran. Eta azken emanaldiokin jaitsiko du teloia Principalek, denboraldi luze batez, antzokiaren erreforma egin bitartean. "Kristoren ilusioa egiten digu. Beti esango dugu gu izan ginela azkenak. Berezia izango da guretzat".