`Txapi'

"Txistulari gazteek kalejira gehiago behar dituzte"

Anakoz Amenabar 2024ko abu. 2a, 08:00

Gasteizko jaietan hamaika hitzordu izango dute 'Txapi'-k. Argazkia: Erlantz Anda

Zeledonen pare, badira jaiari lotuta doazen izenak, eta horietako bat da 'Txapi'-rena; hamaika hitzordu izango ditu hurrengo egunetan txistua eta danbolinarekin, jaiez gozatu eta gozarazteko.   

Txistua non, hura han. Ekitaldi ofizial nahiz inprobisatutako kalejiretan, Jose Maria Bastida Txapi (Gasteiz, 1952) ezinbesteko protagonista da Andre Maria Zuriaren jaietan. Gorputzari garai bateko astinaldirik eman gabe, baina, txistua lagun, kalean gora eta behera ibiltzeko plan ugari ditu. 

Aurtengo jaietan ere ez da faltako txistu planik, ezta?

Ez, noski. Niretzako jaiak urteroko hitzordua dira, eta ohitura txistua batean eta bestean jotzea. Abuztuaren 4an, esate baterako, kuadrilla bat geratu ohi gara Prado kalean, eta gauera arte aritzen gara kalejiran. Abuztuaren 5ean, berriz, blusa eta nesken lore eskaintza izaten da, eta kuadrilla askok txistularirik ez dutenez aurreskua dantzatzeko, gu ere hantxe jotzeko prest.

Ekitaldi ofizialak eta aukerako kalejirak dituzu, beraz?

Bai, batzuk eta besteak tartekatzen saiatzen naiz. Gaur egun, jai askoz ere lasaiagoak izaten dira niretzat; garai batean, blusa talde batekin gindoazen, eta, besteak beste, zezenetarako joan-etorria ere egiten genuen; leher eginda amaitzen nuen eguna. Aurten, Los Chismes beteranoen kuadrillarekin izango naiz egunen batean, Zeledon eta Neska Txikiren agurrean... Konturatu orduko, hitzordu batzuk eta besteak pilatuko zaizkit.

Urteekin lekua galdu du txistuak jaietan?

Oraindik ere ospakizunetako instrumentu nagusia da, baina ez garai bateko zaletasunarekin.  Gutxiago entzuten da. Blusa eta neska kuadrilla askok, esate baterako, gaur egun ez dute txistularirik.

"Ez dut inspirazioan gehiegi sinisten. Ez da, behintzat, zerutik iristen. Bizitza baten ondorio da obra"

Eta txistulari gazteen harrobirik bada?

Bai, egon badaude ikasleak, baina nire kezka ere badut gertatzen ari denarekin... Sekulako loraldia izan zen Musiketxean, txistulari gazte ugari ari dira ikasten, baina gero ez ditut kalean ikusten, jai zehatz batzuetan baino ez.  Ateratzeko apustua egin beharko lukete, kalejira gehiago behar dituzte. Presentzia galdu du, eta kalea berreskuratu behar duela uste dut.

Zure etxean beti izan du lekua txistuak, ezta? Noiz hasi zinen jotzen?

Nire anaiak txistu bat zuen, eta nik ezkutuan kentzen nion. Astun samarra nintzenez, azkenik, nire urtebetetzean bat oparitu zidaten gurasoek. 

Eta bakarrik ikasi zenuen jotzen?

Etxean zaletasuna genuen. Aita ez zen musikari profesionala, baina musika ezagutza handia zuen, biolina jotzen zuen, eta etxean musika literatura ugari genuen. Beraz, bai, autodidakta izan nintzen, hala hasi nintzen, baina betiere musika irakurtzen ikasita, ez belarriz, paperean nuena deszifratzen nuen txisturako metodo batekin.    

Eta kalean jotzen hasteko pausoa noiz eman zenuen?

Pedro Armentia izeneko beste txistulari baten laguna nintzen, eta, kasualitatez, Gasteizko jaietan zezenetarako joan-etorria ikusten ari ginela beste blusa bati eskatu zion niri txistua uzteko, goizetik jotzeaz aspertuta zegoen bati, eta hori izan zen nire lehenengo pausoetako bat. Orduan 15 bat urte izango nituen. Eta geroztik ez dut alde batera utzi, beste instrumentu batzuk tartekatzeko izan ez bada.

Jose Maria Bastida 'Txapi', ALEAren erredakzioan. Argazkia: Erlantz Anda / ALEA

Dantza taldeen txistularia ere izan zara urteetan?

Pedro eta beste ezagun batzuen bitartez, Oldarki taldean hasi nintzen, garai hartako Gasteizko dantza talderik nagusienean. Hantxe Jesus Errasti ezagutu nuen, eta harekin hasi nintzen benetan txistua jotzen. Buru-belarri sartu nintzen orduan instrumentuarekin. Gaztetxu dantza taldea Oldarkirena izatera pasa zen garai hartan, eta ni txistulari taldean aritu nintzen. Ostean, Oldarki haurren dantza taldeko kideak nagusitu zirenekin sortu zen Indarra dantza taldea, eta hor ere aritu nintzen. Nire musika ibilbidea, zerbaiti lotuta joan bada, dantza taldeei izan da; gaur egun Jare dantza taldearekin ari naiz txistulari.

Beste hamaika musika saltsatan ere ibili zara, ordea.

Gasteizko Gaiteroen Banda izan zen horietako bat, 1975ean sortu zena, Iñaki Caño eta Carlos Oiangurenekin batera. Edo Gesaltza Añanako banda, tronpeta jole moduan honetan, urte askoan.   

Hertzainak-ekin batera ere aritu zinen taula gainean.   

Gogoan dut, hain justu, Gasteizko jaietan eman genuen kontzertu bat. Josu Zabalari okurritu zitzaion Gesaltzako banda eta Hertzainak batzea, eta hori bonba bat izan zen, erabat desberdinak ziren bi estilo elkartzea. Abuztuaren 8ko kontzertu hura ez dut ahaztuko; entsegu bakar batekin atera ginen jotzera, eta paperak banatu gabe ere. Kontzertu erdian, gainera, modu berezi batean egin zuen gure aurkezpena Zabalak, azeri: "Hau izan da dena jaun andreok, guk bete dugu udalarekin dugun kontratua, eta orain Gesaltzako bandarekin utziko zaituztegu". Noski, gu atera eta oihuka hasi zen publikoa, Gari enfokatu eta dena ulertu zuten arte. Txaloak etorri ziren gero.

"Irratsaio batekin piztu zitzaidan niri musikarekiko eta txistuarekiko zaletasuna"

Zabalarekin batera beste proiekturen bat ere izan duzu.

Hainbatetan jo dugu elkarrekin. Josu Zabala gaztetan ezagutu nuen. 16 bat urte izango nituen, eta bera San Viatorren ikasten ari zen, orduan San Jose eskolan. Gabonetako kantekin batera, Gaztetxuko dantzari eta musikariak behar zituzten, eta hantxe ezagutu genuen elkar. Patxi Villamor aurkeztu zidan, urte batzuk beranduago, eta harekin Nora zoaz diskoa ere grabatu genuen, eta leku askotan jo genuen. Gogoan dut Madrilen grabatu genuela diskoa, orduan ezezaguna zen Luis Cobosek zuzenduta.

Danborradako danbor nagusi ere izan zara hemeretzi urtez. Faltan botatzen duzu?

Oraindik kolaboratzen jarraitzen dut, danbor nagusi modura ez bada ere. Karguak uzten jakin bada, eta hala erabaki nuen 2019an. Osasuna ez da gaztetakoa, ezin mugitu nabil askotan, eta arriskua zegoen ehunka lagunen lana zapusteko. Horregatik, eta belaunaldi aldaketa bat ere beharrezkoa zelako, alde batera egitea erabaki nuen.

Eta musika idazten jarraitzen duzu?

Bai, asko idazten jarraitzen dut. Azkeneko partitura jaioberri batentzat izan da, kar-kar. Arabako dantza sueltoko txapelketarako idatzi dut, Durango Jaizale dantza taldearentzat...

Lanean dator inspirazioa?

Ez dut inspirazioan gehiegi sinesten. Egia izango ote da? Ez dakit... Buruan musika egiturak argi izan behar dituzu, eta etorriko da obra, poliki-poliki. Hori ote da inspirazioa? Argi dudana da ez dela zerutik heltzen. Bizitza baten ondorioa da. Txikitan anaiaren txistua hartu eta jotzen hasi nintzenetik, eta inguratu nauten beste milaka musikaren ondorio. Eta horretan garrantzi berezia izan zuen Jose Mari Sedanok aurkezten zuen Gasteiz irratsaioak, ostean Fiesta Vasca eta Euskal Jaia izango zirenekin batera. Garai hartan bi euskal kanta jartzea ez zen erraza, eta egiten zuten. Hor hasi zitzaidan musikarekiko zaletasuna pizten, txistuarekiko batez ere. Horregatik diot bizitako guztiaren emaitza dela lanean ateratakoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago