Etxanobe parkean egin dugu hitzordua. Euskaraz eta gaztelaniaz jardun gara, baina gure buruetan ama-hizkuntza gehiago daude isilik: Aljeria eta Marokoko dariya, Siriako arabiera, katalana, baita ikasitako beste batzuk ere: frantsesa, ingelesa, italiera, portugesa...
Herrerak euskara batez ere alabagatik nahi duela ikasi adierazi digu. Gasteizera lehen aldiz Gasteizko jaietan etorri zen; lehengusu bat hemen bizi zen eta beti esaten zion etortzeko, hemen ondo bizi zela eta. Festetan etorri, baina curriculum bat uzteko denbora ere eman zion –esan du barrez–,‒eta deitu zioten. Kolonbian bizi zenean, zezenak, paella eta ETA besterik ez zituen ezagutzen Espainia-Euskal Herriaz. Katalunian zegoela, katalana pixka bat ikasten saiatu zen, eta gero hemengo jendeak esaten zion euskara oso zaila zela, baina bere esanean "errespetua zor zaio hartzen zaituen lurraldeari" eta "hemen gizarteratzeko euskara tresna ona da".
Tahir, hona etorri eta "kaixo" eta "agur" entzuten zituen, eta berak ere erabili. Senarra lehendik ere bizi zen hemen, baina ez zion euskararen berri eman, eta alaba nagusia eskolan hasi arte ez zuen kontzientziarik izan euskara hizkuntza bat bazenik. Ramon Bajoko irakasleak kontatu zion eskola euskaraz ematen zutela, beharbada hasieran kostatuko zitzaiola alabari. Gero, alabak lau urte zituela, irakasleak esan zion alaba oso ondo ari zela euskaraz, bertakoa balitz bezala hitz egiten zuela eta etxean hitz egin ziezaiola dariyaz. Euskara hasi zen ikasten Gasteiz Txiki elkartean eta Auzoko proiektuan, baina bigarren alaba eskolatu zenean senarra gaixotu zitzaion eta ezin izan zuen euskara ikasten jarraitu. Alargundu eta gero, hasi zen berriz ere euskara ikasten.
Hassanek bazuen euskararen berri Alepon. Bere senarrak EHUn ikasten zuen eta. Hala ere, ez zekien nola antolatzen zen bi hizkuntzen afera, Kanada-Quebecen bezala edo nola. Hona etorri zenean, lagundu zituzten pertsonek euskaraz hitz egiten zuten, berak hasieran ez zekien oso ondo noiz erabiltzen zuten euskara, noiz gaztelania. Alabekin Siriako arabieraz hitz egiten dute etxean. Baina eurek nahi zuten alabek euskara ikastea, bertako hizkuntza delako, horregatik matrikulatu zituzten Ramon Bajon.
"Errespetua zor zaio hartzen zaituen lurraldeari; tresna ona da euskara gizarteratzeko"
Juan Herrera
Bougdalik ez zekien euskara bazenik ere. Belauna konpondu nahi zuen, baina ez zeukan migratzeko asmorik ere. Hizkuntza zalea da eta gaztelania bere kasa ikasi zuen Marokon (frantsesa, ingelesa eta italiera ere ikasi ditu). Gasteizko egonaldia epe laburrerako uste zuenez, gaztelaniazko eskola publiko bat bilatu zuen, seme-alabei lagundu ahal izateko. Baina Hezkuntzatik Armentia ikastolara bideratu zuten. Gaur egun, oso pozik dago gauzak hala suertatu izanaz. Oso ondo hartu dute han, eta ikasi zuen lehen hitza euskaraz "eskerrik asko" izan zen, ondoren seme-alabekin jarraitu zuen zenbakiak ikasten... Egun batean, ohartu zen seme-alabek euskara erabiltzen zutela amak ulertzea nahi ez zutenean, eta euskara gehiago ikasi zuen. (Besteek barre egin dute, egoera ezagun dutelako).
Camposek ezagutzen zuen euskararen existentzia. Iritsi berritan hasi zen ikasten, baina gauez egiten zuen lan eta gogorra egiten zitzaion. Gero oposizio batzuetarako ikasi behar izan zuen, eta orduan ere ezin. Azkenean, seme-alabak jaiotakoan motibatu da euskararekin. Gainera bikoteak ere egiten du euskaraz, eta etxean nagusiki euskaraz aritzen dira. Bestalde, bere ama hizkuntza katalana da, bere herrian katalanez aritzen dira eta ez zitzaion ondo iruditzen hemen euskara ez ikastea, bertako hizkuntza izaki, horrek gaizki sentiarazten zuen.
Euskara bekatua
Euskararentzat beka izatea garrantzitsua izan da denentzat. Bougdalik ikastolakoei eskatu zien gutunak euskaraz bidaltzeko, bere nahia izan zen, eta tutorearekin saiatzen da euskaraz hitz egiten. Gasteiz Txiki auzo elkartean euskara eskolak jaso zituen doan, Tahirrek bezala; biek goraipatzen dute Mikel irakaslearen jarduna, baita Peiorena ere, tamalez, ikastaroan zehar zendu zena. Hassanek eta Tahirrek Auzoko proiektuan ere parte hartu zuten euskara ikasteko. Euskararen bilaketa "merkeago" horretan Hassan saiatu zen Hizkuntza Eskolan, baina ordutegi aldetik eskaintza urria zen, eta EPAn ere ordu gutxi eta aukera urria zuen. Hirurek diote euskaltegiko matrikula garestiegia egiten zitzaiela eta ezin ziotela aurre egin. Tahirrek zailtasun handiak izan ditu: senarraren gaixotasuna, bi alaba, gizartean sare handirik ez... Bougdalik etxegabetze bati ere aurre egin behar izan dio bidean. Herrerak, prezioak prezio, ikasiko zuela dio, baina beka eskertzen du. Camposek dio, azken batean, migratzen duzunean nahi duzula lasai bizi, gizarteratu, eta bertoko jendearekin ibili, eta horretarako euskara praktikoa dela, ateak zabaltzen dizkizula.
Bougdaliren arabera, integrazio horren bidean garrantzitsua da seme-alabek ikustea gurasoak ere saiatzen direla euskara ikasten. Adibide moduan dio euren seme-alabek lehenago ikasi zutela euskara gaztelania baino, baina, hala ere, kalean gaztelaniaz jarduten direla. "Ikastolan euskaraz ikasten duzue, zergatik ez duzue kalean erabiltzen?, galdetzen die berak. "Nahikoa daukagu ikastolarekin!" da erantzuna. Eurek etxean dariyaz hitz egiten dute, baina saiatzen da seme-alabek marrazki bizidunak euskaraz ikus ditzaten, eta ipuinak euskaraz irakurtzen. Bere ustez, bertako pertsona gehienek ez dute euskara gehiegi nahi, eta horregatik ez da erabiltzen. Baina argi dauka garrantzia duela, biharko egunean seme-alabek oposizioak egin ditzaten, esaterako.
Saretzea gaztelaniaz, saretzea euskaraz
Gasteizen leku eta elkarte asko dago gaztelaniaz dohainik eskaintzen dutenak. Tahirrek Eskolapios eskolako Itakan ikasi zuen. Lau hilabeteko umea zeukan, eta leku bat behar zuen umearekin joaten utziko ziotena. Bertan bazuten haurtzaindegia, baina berak nahiago zuen eskolara umearekin sartu: hamaka batean uzten zuen, ume lasaia zen. Bi urtez jardun zen gaztelania debalde ikasten. Itakan irakasleak boluntarioak dira. Gero, boluntariotza eta denbora libreko monitoretza ikasi zituen eurekin, eta gaur egun pertsona migratuei laguntzeko Mueve, promueve izeneko proiektu batean ari da. Espacio concilia izeneko udalaren egitasmoan lan egiten du, non lanean ari diren emakumeei edo epaiketa bat dutenei eta abarrei laguntzeko, haurrak zaindu, babesa eman eta bestelako lanak egiten dituzten.
Hassanek master batean eman zuen izena Letren fakultatean. Masterra ingelesez eta gaztelaniaz zen, eta inork ez zion galdetu gaztelania ote zekien ere. Masterra lortu zuen, baina barrezka dio hanka sartze asko egiten zituela gaztelaniaz. Beraz, masterra egin eta gero EPAn izena eman zuen hobeto ikasteko.
Bougdalik ere urte bat eman zuen gaztelania ikastaro batean Sartu elkartean Lanbideren eskutik, baina senarra lagundu aldera, "bera ez baita hizkuntzetarako hain iaioa". Ahal duen guztietan izena ematen du euskara ikasteko, izan ere, ez zaio gustatzen etxeko andrea izatea (barrez dio), "etxean aspertzen naiz".
"Garrantzitsua da seme-alabek ikustea gurasoak ere saiatzen direla euskara ikasten"
Fatima Bougdali
Tahirrek sumatu ditu jende baten arrazakeria eta aurreiritzi txarrak, baina nabarmendu du –besteak ere ados daude– alde zaharrean topatu duela jende atsegina, herri txiki bat dela, eta pertsona batzuek interesa dutela euren herriari buruz eta euren egoerari buruz. Herrera ere ados dago, jende askok interesa izan duela bere kulturan, musikan edo sukaldaritzan. Saretze horretan Goianek izan duen garrantzia aipatu dute, Sukaldean solasean proiektuan, esaterako, non larunbat goizetan auzoko pertsona batek bere herriko errezeta bat erakusten duen.
Goian
Goian elkartearen bidez euskara eta euskal kultura heldu zaie, besteak beste. Txikien zein helduen ekintzetan euskarak presentzia du, eta maiz euskara xuxurlariak erabiltzen dira. Orain, euskara ikasteko beka bat lortu dute, eta bestela ere parte hartzen dute. Hassan eta Tahir talde motorrean daude, Ramon Bajo eskolako ordezkari gisa, eta ostegunetako emakumeen tertulian ere ari dira. Herrera euskal dantzetan hasi zen alabarekin, "alabak utzi nahi izan zuen arte", kontatzen du barrez. Campos pare bat urtez ibili zen geratzen futbitoan jokatzeko auzoko hainbat pertsonen artean sarea eta komunitatea lantzeko. Bougdalik nabarmendu du pandemian konfinamenduarekin Goianek egin zuena lana; gaur egun, ez da alde zaharrean bizi eta kostatzen zaio gehiago hurbiltzea, baina itzulpenak egiten eta laguntzen du behar dutenean.