Arabako Foru Aldundiko Suhiltzaileen Langile Batzordeak bertan behera utzi du joan den astelehenetik, uztailaren 15etik, egiten ari zen greba. Epaitegiek bere aldarrikapenetako baten alde egindako urratsa kontuan hartu dute suhiltzaileek erabakia hartzeko; izan ere, Arabako suhiltzaileei udako hilabeteetan egutegia eta langileen erabilgarritasuna aldatzea ezartzen zien zerbitzu agindua bertan behera utzi du Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 3. zenbakiko Epaitegiak, kautelaz. Azaldu dutenez, "zerbitzu agindua indarrik gabe geratu den honetan, greba deialdia bertan behera uztea dagokigula uste dugu".
Epaitegien erabakiaren harira, aldundiaren "erantzukizun falta" azpimarratu dute langileek. "Gertakarien arabera, argi dago Alberto Amenabar eta Jone Berriozabal Arabako foru suhiltzaileen arduradunek ez dutela erantzukizunez jokatu. 2024ko Arabako baso kanpainarako beraien plana bertan behera geratu da uztailaren 19ko ebazpen judizialaren bidez".
Gauzak horrela, negoziaziorako borondatea dutela berretsi dute suhiltzaileek, baina ordea ez dute borondate bera ikusi aldundiaren aldetik. "Egun hauetan, diputazioaren erantzukizunaren aldeko deiak entzun ditugu, ahaldun nagusiari entzun diogu aldundia beti dagoela elkarrizketarako prest eta akordiorako borondatearekin, eta Jone Berriozabal diputatuari ere entzun diogu langileen batzordearekin egunero harremanetan dagoela. Ez da horrelakorik gertatu. Egun hauetan ez dugu jaso Arabako suhiltzaileen zerbitzuko ezein arduradunen deirik gurekin hitz egiteko", esan dute.