Gasteizko administrazio auzietarako hirugarren epaitegiak auto bat kaleratu du, ELAk eta LABek eskatutako kautelazko neurriak aintzat hartzeko eta Arabako suhiltzaileei udako hilabeteetan egutegia eta langileen erabilgarritasuna aldatzea ezartzen zien zerbitzu agindua bertan behera uzteko. Bi sindikatuek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, egutegi berria bertan behera utzi ezean, suhiltzaileei "kalte konponezinak" egingo litzaizkiekeela uste du epaitegiak.
Kaleratu duten oharrean, sindikatuek adierazi dute auto horrekin argi geratu dela "Arabako Foru Aldundiaren politika inposaketa dela eta ez negoziatzea, eta are gutxiago akordiotara heltzea". Langile batzordeak Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiari eskatu dio "behingoz aitzakiak alde batera utzi eta benetan negoziatzen hastea, arabarrek behar eta merezi duten suhiltzaile zerbitzu hobea baten alde".
Arabako suhiltzaileak grebara deituta daude uztailaren 15etik abuztuaren 4ra bitartean, langileen egiturazko arazoei irtenbidea emateko.