2024an ere izango dira txosnak Gasteizen. Ticket Bai sistema ezartzearen inguruan egondako polemikaren ondoren, hala adierazi berri du Txosna Batzordeak. Ez dute akordiorik lortu Arabako Foru Aldundiarekin, baina hala ere abuztuaren 3an txosnak zabalduko dira, eta aurrera egingo dute prestatutako egitarauarekin. Jai herrikoien defentsan mobilizazio bat iragarri dute abuztuaren 3an bertan, eta datorren astean emango dute informazio gehiago horri buruz.
Herri mugimenduaren defentsan oinarritu dute haien adierazpena. Eraso gisa ulertu dute Ticket Baiaren ezarpen agindua, "exijentzia ez egingarritzat" jota, "traba burokratiko eta ekonomikoak" jarri dizkietela salatuta. Hala ere, jai herrikoiak aurrera ateratzeko moduak bilatuko dituztela adierazi dute. Salatu dute, gainera, arazoa ez dela Gasteizkoa soilik, eta eragingo diela Euskal Herriko bestelako ekimen herrikoiei ere. "Jai herrikoien kontra bideratutako erasoak hartzen duen dimentsioa ikusirik, ezin da gehiago luzatu honen kontra aktibatzea".
Txosnen antolatzaileek berretsi dute jai herrikoiek Ticket Baitik salbuetsita egon behar dutela. Gogorarazi dute txosna batzordearen jardunean ez dagoela dirua irabazten duen pertsonarik, boluntarioa dela egiten duten lan guztia, "Gasteizko herritarrei ekarpena" egin nahi dietelako. Adierazi dute "inork ez duela ulertzen" txosnak eta enpresa pribatuak parekatzea Ticket Baia ezartzea exijitzen zaienean.
Aldundiak "arduragabekeriaz" jokatu duela salatu dute, eta sortutako arazoaren ardura berea dela argudiatu dute. Txosnen jardunari "trabarik ez" jartzea izan beharko luke Aldundiaren jarrerak, batzordearen iritziz, eta adierazi dute "aitzakia gisa" erabili dituela zerga normalizazioa eta iruzurraren aurkako lana. Haiena eredu kolektiboa, herrikoia, soziala, alternatiboa, feminista eta euskalduna dela aldarrikatu dute, besteak beste, "jaien pribatizazioaren kontrakoa".
43 urteko ibilbidea dute Gasteizko Txosnek, eta "berebiziko garrantzia" du txosnen ekarpen kulturalak, azaldu dutenez. Milaka herritar pasatzen dira txosnagunetik urtero, eta dozenaka kontzertu eskaintzen dira. Txosnen egitarauak jaietako egitarauaren zati handi bat hartzen du.