'Potxi'

"Oso iraultzaileak gara tabernako barran, ez hainbeste kanpoan"

Jon Hidalgo 2024ko uzt. 27a, 08:00

Hiru hamarkada daramatza Potxik Adurtzako tabernan. Argazkia: Jon Hidalgo / ALEA

Potxik 30 urte daramatza Potxi tabernako barraren atzean. Adurtzako Errepublika Independenteko ordezkari nagusietakoa da, eta taberna auzoko bizitzaren erdigune. Mendiolara Bidea kaleko bazterrean, auzo usaina du Potxik, ia gelditzen ez diren horietakoa da.

Hemen izenez ezagutzen dira bezeroak, eta elkar zirikatzea dute denbora pasa nagusia. Betiko musika, betiko edariak, betiko jendea, ez du gehiago behar nahikoa duenak. Bere ibilbidea eta tabernarena ezagutzeko elkartu gara, bazkaltzeko itxi duenean, beste taberna batean. Auzoaz, tabernaz eta beste hainbat kontutaz aritu gara hizketan, jendeak Potxi agurtzeko gelditzen gintuen bitartean.

Nola heldu zineten Adurtzara?

Santa Colomba de la Vegan jaio ginen gu, Leongo herrixka batean. Bi urte nituenean etorri ginen Adurtzara, 60ko hamarkadan, guraso eta anai-arrebekin, aitak lana lortu zuelako Imosa-DKWn, gerora Mercedes izango zen enpresan. Heraclio Fournierren bizi izan da familia bizitza osoan, Adurtza kalearen izkinan. Dena zelaiak ziren inguruan. 

Nolakoa zen Adurtza lehen?

Adurtza herritxo bat zen, auzo-herria. Etxetik jaitsi eta, herrietan bezala, kalean jolasean aritzen ginen, liman, kaniketan, egutegietan edo dena delakoan. Imajinatzen dut herrietan antzekoa izango zela. Ez zegoen semafororik ere, eta errepidean jolasten genuen futbolean. Leihotik oihukatzen ziguten merienda bila joateko. Fabrikaz betea zegoen. BHk 3.000 langile izango zituen, Esmaltaciones San Ignaciok eta Fournierrek ere antzeko. Tabernaz beteta zegoen lehen dena, orain apenas gelditzen diren. Ni noizbait joaten nintzen goizeko bostetan edo, ez goiz esnatu nintzelako bereziki, eta zabalik egoten zen beti taberna pila. Mugimendu handia zegoen.

Ze egiten zenuen taberna hartu aurretik? Irakasle ikasketak hasi zenituen.

Bai, etxetik gertuen zegoena zelako. Nire arazoa zen ez zitzaidala ezer gustatzen. Urte batzuk eman nituen unibertsitateko lehen mailari gustua hartuta, eta bigarren mailan erretiratu nintzen. Milia egitera joan nintzen gero, eta polizia militar izan nintzen han. Irakurri eta idazteko klaseak ematen aritu nintzen gazte batzuei, eskutitzak irakurri behar izaten nizkien. Ez zuten nirekin asko ikasi. Zerbitzu militarretik itzuli, eta lau lagunen artean hartu genuen Adurtzako El Rancho taberna. Hor hasi zen droga jo ta ke. Yonki zaharrak etortzen ziren, hogeita hamar urte izango zituzten baina zaharrak zeuden jadanik, eta heroina zegoen nonahi. Urte batzuk pasa genituen hor nahiko kaltetuta. Droga asko zegoen Adurtzan, eta El Rancho bazen erdiguneetako bat. Polizia nazionala astean bitan etortzen zen sarekada egitera. Beste lan batzuetan ere aritu nintzen ondoren, eta 94an, ez dakit oso ondo nola, taberna hartu nuen. Amak animatu ninduen horretara. Betidanik gustatzen zitzaidan taberna hau. 32 urte nituen nik, baina oso umea nintzen oraindik.

Auzo berrietan, helduek faltan botatzen dituzte halako tabernak

Asko aldatu da auzoa?

Bai. Etxeak hondatzen doaz, eta etorkin asko etorri da, etxe merkeenak pobreenek hartzen dituztelako. Gu etorri ginenean Gasteiz ez zen ezer, Zaramaga ere ez zen existitzen. Lehen migratzaileak etxe pobreetara gentozen, baina behintzat berriak ziren. Lotsagarria da orain datozenek zein baldintzatako etxeak hartu behar dituzten.

Adurtzan mugimendu politiko handia zegoen garai haietan?

Droga asko zegoen hemen. 70eko hamarkadan bazegoen mugimendu politikoa, baina gero drogak lortu zuen bere helburua. Lagun ugari galdu ditut nik hor, edo ezagunak, ez dakit, drogaren aurrean lagun gutxi izaten direlako. Politika neutralizatzeko tresna izango zen droga, baina ez hori bakarrik, oso erakargarria baita drogaren dirua. Polizia pila zegoen drogaren bueltan, argi dago. Noski, haiek zeukaten boterea. Nik inoiz ez dut trapitxeatu, ezin dudalako tentsio horrekin bizi.

Zurea bezelako negozio gutxi geratzen dira?

Bai, noski. Auzo berrietan, helduek faltan botatzen dituzte halakoak. Salburuan, Zabalganean edo antzekoetan nortasunik gabekoak dira tabernak. Gazteek agian ez dituzte ezagutu, baina zaharragoek erreferentziazko txokoak izan dituzte haien auzoetan. Tabernara joan eta zerbitzariak galdetzen zizun ea zer moduz ama, seme-alabak. Jendeak faltan botatzen du. Baina hori gertatzen da bai tabernekin, bai fruta dendekin edo arraindegiekin. Bizitzak orain beste abiada bat darama.

Eta zer gertatu da? Komertzioak aldatu dira? Jendea?

Gasteiz oso hiri atsegina da, baina egin dituzten auzo berriak beste modu batekoak dira, erraldoiak. Zabalganean egon zaitezke auzoko jaietan, eta ez duzu berbena entzuten. Adurtzan, zauden lekuan zaudela, belarri ondoan sumatzen duzu jaia.

Jendea egokitzen da nire ordutegira, ez ni jendearenera

Nondik dator RIA, Republica Independiente de Adurza? 

El Ranchoko garaietan norbaiti otu zitzaion. Ez dakit, askok diote haiek esan zutela lehen aldiz. Gerora, behin taberna hartuta, norbaitek proposatu zuen jaietarako kamisetak egitea, eta gaur arte. Txapak, pegatinak, denetik egin dugu, denak Cheren aurpegiarekin, oso iraultzaileak garelako tabernako barran. Hortik kanpo ez horrenbeste. RIArena jolasteko zerbait da, ez da identitate serioa. Oso harro gaude Adurtzakoak izateaz, baina Zaramaga edo Abetxukokoak egongo diren bezala. Salburua eta halakoek izango dute hori hogei urte barru edo, espero dut. Beno, ezberdin daude eginda auzo berriak, eta bizitza ezberdina zen lehen. Jadanik ez doaz auzoko harategira, eta lehen arratsalde osoa pasa zezakeen jendeak bertan. Orain dena urrun dago eta, noski, Eroskira joaten da jendea.

Nolakoak dira Potxiko 'parrokianoak'?

Heterogeneoak. Oso futboleroak dira orokorrean, baina nik behartu ditudalako. Denetik dago, eta gustatzen zait egon ahal izatea hogei urteko mutikoak eta hirurogeita hamarreko mutikoak. Azken hauek gutxiago produzitzen dute, medikuak ez dielako edaten uzten, baina hala ere. Belaunaldiarteko kutsua dauka tabernak. Lehen, taberna gehiago zeudenean, egon zitezkeen gazteen taberna eta zaharrena, baina orain lau taberna baino ez daude. Nik, denbora asko daramadanez, tabernan eduki ditut aitona, semea eta biloba. Zenbat kuadrilla pasa diren tabernatik. Badago irakasleen kuadrilla bat, adibidez, eta horko baten batek nirekin ikasi zuen, haurtzaindegitik magisteritza arte. Noski, berak aurrera segi zuen. Inbidia asko ematen dit horrek, batez ere uztailaren 1a iristen denean. Pentsatzea ni hor egon nintekeela.

Hogeita hamar urte egin dituzu. Zer iruditzen zaizu tabernari ofizioa?

Alferrikakoa, kentzeko modukoa. Bosnian pertsonen kontrako minak kentzen dituenaren lana bezala, beharrezkoa izango da, baina egin dezala beste norbaitek. Ni taskero gisa erdipurdikoa naiz, eta zerbitzari oso txarra. Gaizki egin dut, beti bakarrik egon izan naizelako. Beti jendez inguratuta, eta asko lagundu izan didate, baina bakarrik. Noizbait izan dut norbait kontratatuta, baina beti iruditu zait ez zuela bi pertsonarentzako nahikoa ematen. Agian ez naizelako arriskatu. Baina horregatik daukat daukadan ordutegia. Ez gara taberna asko izango, nirea bezala, jendea egokitzen dena nire ordutegira, ez ni jendearenera. Diru kontuetarako beti izan naiz ergel xamarra, diru kontuetarako ere bai.

Funtzio soziala daukazula uste duzu?

Bai, noski. Jendea batzea, auzoan elkartzeko lekua izatea. Uste dut jendea etxean bezala sentitzen dela tabernan, baita kanpotik etorritakoak ere. Mutiko bat, adibidez, Leondik etorri zen Gasteiza, eta barran eseri ohi zen garagardo batekin. Denbora gutxian Nataliak, nire bikoteak, eta lagunek harrera egin zioten. Pixkanaka, lehen Jesus zen, orain Josu da, eta kuadrillako bat gehiago da jadanik. Harro eta asetuta uzten naute halakoek.

Potxi tabernak hogeita hamar urte bete dituela ospatu dute bezeroek. Argazkia: Jon Hidalgo/ ALEA

Zer da tabernan gertatu den arraroena?

Hainbeste gauza gertatu dira, zaila dela esaten. 50 urte bete nituenean, festa bat egin zidaten, eta denak agertu ziren txuriz, Real Madrileko jantziekin. Nataliaren errua dena. Aitortza egin behar diot nire kuadrillari ere, beti egon direlako hor. Pitxasek beti esaten du nik baino egun bat gutxiago daramala tabernan, inaugurazioan ez zelako egon. Baina ordutik beti, tabernako makinak bezalakoa izan da.

Nahi dudana badut, ez dut jende gehiago nahi

Pazientzia asko behar da tabernarako?

Sekulakoa. Pazientzia, eta psikologo gaitasuna. Tabernan kolore guztietako elkarrizketak entzuten ditut. Gaur goizean Voxeko zuzendaritza osoa etorri dela dirudi, eta hor hasi dira, moroak gora eta behera. Betiko auzokideak dira, nahiz haiek edo haien gurasoak kanpotik etorritakoak izan. Eta nik ezin dut denbora guztian eztabaidatzen egon. Askotan jada ez dut borrokatzen, esaten diet nik Voxekoekin ez dudala hitz egiten. Galdutako borroka bat dela sentitzen dut batzuetan. Telebistan hori ikusten dute beti, atzerritarrak lapurretan eta halako gauzak. Niri lapurtu didaten bakarrak traje eta gorbatadunak izan dira.

Belunaldi berriak nola ikusten dituzu?

Agian zaharrek dioten esaldi bat izango da, baina iruditzen zait gutxi borrokatzen dutela. Nik ez dut batere borrokarik egin e, baina giroa bazegoen. Orain ikusten dudan jendeak ez du batere borrokatzen, beren bizitza bizi dute ahalik eta hoberen, eta kito. Lehen ezberdina zen, 70ko hamarkadan batez ere, borroka gehiago zegoen. Sentimendu sozial gehiago, enpresetan beti lehian, langile sentimendua zegoen.

Zer iruditu zitzaizun 30. urteurreneko sorpresa?

Flipatuta gelditu nintzen, liluratuta. Jendeak zioen hori egin bazidaten merezi dudalako izango zela, baina ez dakit ba nik. Anaiak esaten zidan hemen auzoan festa hitza entzunda mundu guztia sartzen dela planean. Ni oso eskertuta nago, prestatzen aritutako mundu guztiari eskertu nahi nioke, kosta zitzaielako antolatzea. Malkoei eusten egon behar izan nuen. Iloba ikustea trikia jotzen, nire arreba negarrez, ilusio handia egin zidan. Duela hogei urte ikusi gabeko jendea etorri zen

Pintxoak jarriko dituzu inoiz tabernan?

Ez. Ez dut pijadarik egingo. Batzuetan deitzen didate batzuk, publizitatea egiteko eskaintzen, eta ezetz esaten diet beti. Nahi dudana badut, ez dut jende gehiago nahi. Jarraituko dut Real Madrilen partidak jartzen, bezeroek gozatu dezaten. Anaiak dio molestatzeagatik naizela Real Madrilekoa. Gogorra da Adurtza bezalako auzo batean Real Madrilekoa izatea, baina nik behintzat ez dut ezkutatzen. Hala ere, ni Adurtzako San Ignacio taldekoa naiz lehenik, beti izan naiz oso Sanikoa.

Nor da Potxi?

Potxi auzoa da, Adurtzako auzo zaharra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago