"Mendiko liburua da, kulturala, baina, era berean, bidaia geografiko eta emozionala". Horrela definitu du Esther Merinok Sua argitaletxearen babesarekin argitaratu berri duen bigarren liburua. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin, 1936tik 1945era, Espainiako Gerran eta II. Munduko Gerran eraiki edo erabili ziren egiturak jaso ditu argitalpenean; guztira, hogei ibilbide aukeratu ditu toki horietara, bakoitzak bere mapa, testuinguru historikoa eta ibilbidearekin. "Uste dut liburuak familiak gonbidatu ditzakeela informazioa bilatzera, gaiaz hitz egitera, eta esatera: baina aitona, non egon zen?".
Hala, Rutas a frentes de guerra 1936-1945-en Euskal Herria memoria historikoaren ariketa egiteko gonbidapena da, lau eszenatoki desberdinetan. Alde batetik, 1936ko gerrak mendietan eta basoetan utzitako aztarnak erakusten ditu; bestetik, Espainiako gerraren ondorioak, fusilatuen hobiak eta lan behartuen kontzentrazio eremuak jaso ditu; hirugarren eszenatokia Nafarroako Pirinioetan da, gerraostean, frankistek eraiki zuten defentsa lerroa; eta, azkenik, Bigarren Mundu Gerran, Ipar Euskal Herrian, naziek eraiki zituzten defentsa atlantikoak, eta pilotu aliatuen Comète ihes-sarearen aztarnak erakusten dira.
"Liburuak familiak gonbidatzen ditu galdetzera: non egon zen aitona?"
Bi urteko lana izan du Merino gasteiztarrak memoriaren inguruko ibilbideen liburua osatzeko. "Ibilbideak aukeratzeko kontuan hartu dut seinaleztatutako bidezidorrak izatea; eta gehienak memoria historikoaren ibilbideak dira, udalek berreskuratu dituztenak". Hala, ondare nabarmena gorde duten tokiak dira: lubakiak, metrailadore-hobiak, bunkerrak, babestokiak edo gotorlekuak. Batzuk besteak baino ezagunagoak dira: Zizkiño-Oketa frontea, Arlaban, Joseren Baso edo Murugain Araban; Kurtzetxiki Arrasaten, Elgetako gotorlekua, Otxandio eta Gernika, Larrabetzu, Luzuero, Ezkaba, Otsondoko mendatea, Angeluko bunkerrak…
Kostaldean, kontrola
Egin dituen ibilbide guztien artean, bi nabarmendu ditu mendizale gasteiztarrak, oso desberdinak. Batetik, Bizkaian, Zierbenan dagoen Luzueroko muturra aipatu du Merinok. "Oso ibilbide polita da, itsasoaren ondoan dago. Bilboko Burdin hesiaren parte izan zen, eta ondoren eraikuntza frankista. Ingurua itsasoaren ondoan dago, kostalde ederrean; kanoien hondarrak geratzen dira, eta hondatutako gotorleku bat. Inguru horretatik Bilboko Abra kontrolatu daiteke eta kostalde osoa ikusten da, gune estrategikoa da. Haurrak eramateko ibilbide aproposa da, adibidez, harrituko direlako, eta txango ederra da, hondartzatik abiatzen zarelako, hondarretik pixkanaka igotzen".
Mendizaleak aukeratu duen bigarren memoria gunea Nafarroan dago, hain zuzen Urbasako basoetan. "Oso hunkigarriak iruditu zaizkit ahanzturaren leizeak, Urbasa mendilerroan fusilatutakoen leizeak. Urbasa ederra da, pagadiz beteta dago, baina eremu karstikoak ere badaude, non garai batean artzainek hildako ganadua botatzen zuten. Leku bakartiak dira; hortik txangoa egiten duzuenean imajinatu dezakezu zer gertatu zen jendea eramaten zutenean bertara, eta hil eta leizeetara bota zituztenean. Desagertutako pertsona horien bilaketan, denen kontra aurrera egin duten familien historia oso gogorra eta aldi berean oso polita iruditzen zait, eta hunkitu egin nau", esan du Merinok.
Betidanik, gudu zelaiek, batailak jaso dituzten basoek eta mendiek, zirrara berezia eragin diotela esan du Merinok. Sarritan, mendizale bezala zeharkatu ditu paraje horiek, gordetzen duten historiaz ohartu gabe; aldiz, liburua osatzeko beste begi batzuekin begiratu ditu orain inguru horiek. "Basoen eremua oso polita da, denak oso hezeak direlako, ohantzeekin, zuhaitzekin, pagoekin… Oso hunkigarria egiten zait pentsatzea pago hauek bataila askoren lekuko izan direla. Hemen bertan, norbait babestu da, norbaitek atseden hartu du, norbaitek alkandora jantzi du, norbaitek adarrak erabili ditu eta sua egin du. Horregatik diot bidaia geografikoa dela, baina baita emozionala ere".
Askuren mendia
Arabako iparraldeko gudu-zelaiek bereziki hunkitu dute liburuaren egilea, bertan borrokatu zuten gudariek zer baldintzatan egin zuten borroka jakiteak hain zuzen. Gudu-zelai horietako bat Askuren mendian da, Arabako iparraldean. "Hor borrokak izan dira, benetako batailak egon ziren. Gudariak oso material zaharkituarekin zihoazen borroka horietara. Berangoko museoan erakusten dituzte erabiltzen zituzten fusilak: XIX. mendekoak ziren, gerra karlistetakoak, agian ez zuten tiro ere egiteko balio. Gudariak 23 edo 24 urteko mutiko gazteak ziren; agian untxiak ehizatuko zituzten baina ez zeuden gerrarako prestatuta. Aldez aurretik galdutako gerra bat izan zela jakiteak hunkitu ninduen", esan du Merinok. Atmosfera berezia duten beste toki batzuk ere aipatu ditu idazleak: Ezkaba mendia edo Bizkaia babesteko eraiki zuten Burdin Hesiaren egiturak.
"Oso hunkigarria egiten zait pentsatzea pago hauek bataila askoren lekuko izan direla"
Euskal Herriko lurraldeak josten dituzten bunker, gudu-zelai eta lubaki horiek guztiak kartografiatzeko asmoa jakin-minak bultzatuta sortu da, eta "ezkutuan" dagoen zerbait azaleratzeko gogotik. Merinok azpimarratu duenez, sarritan mendietan egin dituen txangoetan gerraren aztarnak topatu izan ditu, askotan jakin gabe zer diren, nortzuk izan diren bertan borrokatu direnak, gerra fronteak non kokatuta zeuden, zergatik. "Albertia mendian, adibidez, obusen zuloak aurki ditzakezu; handik igaro eta erreparatzen badiozu, lubaki-lerroak ere ikusten dituzu. Eta nik jakin-mina nuen, zer gertatu da hor? Nork borrokatu du hemen?".
Ondare ezkutua
Hor hutsune handi bat dagoela sumatu du Merinok, dokumentazio asko dagoelako artxiboetan Espainiako gerraren eta II. Munduko Gerraren inguruan, lekukotasunei buruzko liburuak eta teknika militarrei buruzko liburuak ere, "baina ez zegoen ibilbideen libururik". Idazlearen esanetan, gerrako eraikuntza horiek guztiak "kamuflatuta" daude, ez omen dira ikusteko. "Azken urteotan indusketak egin dira, memoria-ibilbide gehiago egin dira, hau da, ondarea, memoria lantzen ari dira. Izan ere, gure ondarea ere bada, beti esaten dugu trikuharriak direla, baserriak, errotak, mitologia eta horrelakoak, baina bunkerrak eta lubakiak ere badira ondarea. Eta, gainera, duela 87 urte gertatu izan den zerbaiten ingurukoaz ari gara; ez gara Erdi Aroaz edo Burdin Aroaz ari, gure aitona-amonek bizi izan dutenaz baizik", azpimarratu du.
"Beti gogoan ditugu trikuharriak, baserriak, errotak, baina bunkerrak eta lubakiak ere badira ondarea"
Beraz, ondare horri buruzko liburu erabilgarririk, irakurtzeko errazik eta erosorik ez zegoela ikusita, Sua argitaletxeari proposatu zion Merinok ideia, eta ondo hartu zuten, gerraren historia kontatzeko formatu berritzailea zelako. Hortik aurrera, hilabete luzeak eman ditu idazleak artxiboak arakatzen eta gerra tokirik esanguratsuenak aukeratzen. Informazio asko dagoela aitortu du, baina ez zekien zer aurkituko zuen azken unera arte, espazio horietara iritsi arte, hain zuzen; "izan ere, agian bunker bat dago, eta gero joaten zara, eta ez duzu aurkitzen, belarra haztea erabaki duten lursail pribatu bat delako, eta ez dute nahi inork hor zapaltzea. Edo errepide bat eraiki dute horren gainean, edo besterik gabe, botatzea erabaki dute".
Liburua idazteko orduan eta historiaren pasarteak jasotzerako orduan, ahalik eta zorrotzen izaten saiatu da Merino; are gehiago emakumea izanik, oso gutxi direlako, haren esanetan, gerrari buruz idatzi duten emakumezkoek, eta gerran adituak direnen presioa sentitu duelako. "Ekarpen historikoa egiten duen liburua denez, eta egitura militarrak jasotzen dituenez, oso zorrotza izan naiz eta saltsa mehe egin dut". Orain arte jaso dituen kritika guztiak onak izan dira. Gasteizko Ignacio Aldecoa liburutegian eta Berangoko Burdin Hesiaren museoan aurkeztu du, gainera, eta oso harrera ona izan du publikoaren aldetik. Izan ere, argitaratu zuenetik lehen lau asteetan ez fikziozko gaztelaniazko libururik salduena izan zen.
Finean, Merinok dioenez, historia garaikidearen une zailak jasotzen dituen liburu bat da, mendiak eta basoak maite dituztenentzat. "Gerra lekuak orain bakean daude, natura hazi egin da, eta sufrimendu guztia xurgatu du, garbitu egin du; orain gu joan eta oroitu egiten gara. Hori ere bada islatu nahi izan dudana".