2022an egin zuen Namibiara bidaia Xabi Aranburu gasteiztarrak, eta azken asteetan Gasteizko hainbat liburutegitan aurkeztu du Namibiako bakardadean, bertan bizitakoarekin eta jasotako irudien sortarekin osatutako diaporama. Afrikako beste hainbat herrialdetan –Hegoafrikan, Bostwanan, Zimbabwen edo Malawin– izan dituen esperientziak ere hizpide izaten ditu bidaiariak aurkezpenean.
Izan ere, Afrikarekin aspaldi maitemindu zen Aranburu, bereziki bertako parke nazionalekin, paisaiekin eta faunarekin, eta ahal izan duen bakoitzean bisitatu du kontinentea. "Malawira izan zen nire lehen bidaia Afrikara, oso gazte nintzenean egin nuen, 23 urterekin. Txikitatik erakarri nau Afrikak, eta behin aukera izan nuen pisukide batekin bidai bat egiteko; egia esan, nahiko bidai zoroa izan zen, informaziorik gabe joan ginen, ingeles maila kaskarra genuen, ia ezer prestatu gabe... baina bertako parke nazionalez maitemindu nintzen zeharo. Eta askotan errepikatu dut".
Beti bere kabuz bidaiatu du Aranburuk, bakarrik edo lagunekin, baina beti bere kasara. "Namibiatik zehazki erraza da bidaiatzea, eta Hegoafrikatik ere erraza da, errepideak ondo daude, seinaleztatuta, eta nahiko segurua da. Esaten dute Namibia dela, bidaiari moduan, Afrika ezagutzen hasteko herrialderik onena".
"Egon zaitezke egun osoa bakarrik animalia basatiak ikusten. Hor, zoologikoan zaudena zu zara"
Gasteiztarrak azpimarratu duenez, Namibiak duen aparteko berezitasuna da basamortuak okupatzen duela herrialdearen gehiena, eta, horrenbestez, oso jende gutxi bizi dela, oso despopulatua dela. "Euskal Herriaren biztanleria du, bi milioi eta erdi biztanle inguru, baina erraldoia da, Afrikako estaturik handietakoa eta munduko bigarren herrialderik despopulatuena". Hartara, basamortuetako bakardadea da herrialdean jaun eta jabe. Aranburuk azaldu duenez, Namibiatik gehien hunkitu duena bakardadearen sentsazioa izan da: "Herrialdearen %80 basamortua da; batzuetan ez genuen inor ikusten, berrehun edo hirurehun kilometrotan gu bakarrik geunden; sentsazio oso berezia da".
2022an egin zuen Namibiako bidaia gasteiztarrak. Maiatzean. Hogei egunez. Lagun batekin batera toki zehatz batzuk aukeratu zituen, hegaldia erosi zuten, jeep handi bat alokatu, Etosha parke nazionalera sarrera aldez aurretik hartu, eta abiatu ziren. "Errepideen %80 asfaltatu gabe daude, baina pistak onak dira. Kontuan hartu behar da distantziak oso handiak direla, eta ondo kalkulatu behar duzu, ura eta gasolina nahikoa eramateko".
Masifikaziorik ez Namibian
Aranburuk aipatu duen bakardadearen sentsazio horrekin talka egiten duen oso bestelako irudia zabaldu da azken hilabeteetan sare sozialetan: Afrikako parke nazional batean, dozenaka jeep lehoi bat inguratzen. Aranburuk, ordea, ez du inoiz masifikaziorik ikusi, ez Hegoafrikako parke nazionaletan ezta Namibiako parkeetan ere. "Parke nazional batean sei edo zazpi kotxe puntu konkretu batean geldituta ikusten baldin badituzu, horrek esan nahi du lehoinabar bat edo lehoi bat ikusi dutela; baina nik ez dut masifikaziorik ikusi. Agian badago, baina Etosha edo Kruger parkeetan diferentzia da zure kotxearekin sartu zaitezkeela; ez zara joan behar talde antolatu batekin, gida batekin, kamioi erraldoi batean. Egon zaitezke egun osoa bakarrik animalia basatiak ikusten. Hor, zoologikoan zaudena zu zara".
Beraz, Namibiako parke nazionaletan ibiltzeko askatasun handia dago; baina badira arau zorrotzak ere: "Ezin zara kotxetik atera kanpamentuetan izan ezik, abiadura muga dago, eta kanpamentuetan egin behar duzu lo". Ethosa parkea da munduko handienetakoa eta herrialdeko ezagunena. Bertan elefanteak, jirafak, lehoiak, errinozero beltzak, lehoinabarrak eta txakalak ikusteko aukera izan zuten bidaiariek. Hegoaldean dagoen Namib-Naukluft parkean, berriz, munduko dunarik altuenekin liluratu ziren.
Baimen berezia eskuratuta eta gidari adituak zirela frogatu ondoren, Atlantikoaren kostaldeko Eskeletoen Kostara sartzeko aukera ere izan zuten. "Oso oso toki basatia da, basamortua itsasoraino iristen da, eta bertan ez dago ezer, ez herririk eta ez jenderik. Duela urte batzuk ezer ez zegoenez, hondoratzen ziren itsasontzien naufragoak bertan hiltzen ziren". Hortik datorkio izena parkeari."50 itsasontzitik gora daude hondoratuta; guk Angolako kargaontzi bat ikusi genuen", azaldu du Aranburuk. Kostaldean ere, Cape Cross izeneko erreserba bisitatu zuten, 200.000tik gora itsas otso dituen kolonia ikusteko gogoz.
Genozidioa eta apartheida
Baina ondare naturala, fauna eta paisaia gozatzeaz gainera, Namibiaren historia koloniala ere ezagutu du Aranburuk, bertatik bertara. Horretarako, Windhoeken, hiriburuan, dagoen Namibiako Independentziaren Museo Memoriala bisitatu du. Bertan jasota dago alemanek herero eta nama herrien kontra egin zuten genozidioa. "Historian, XX. mendeko lehen genozidioa bezala hartzen da. Sistematikoki sarraskitu zituzten, populazioaren %15 bakarrik salbatu ziren".
XX. mendearen hasieran, alemaniarren kolonia izatetik, Lehen Mundu Gerraren ondoren, Nazioen Ligak administratutako lurralde bihurtu zen; eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Hegoafrikak Namibia administratu zuen, 1990ean independentzia lortu zuen arte. "Independentzia lortu zuen Afrikako azken herrialdea izan da. Ordurarte, gainera, Hegoafrikaren esku egon zen eta apartheid sistematikoa ezarri zuten. Horren ondorioz, egun, zuriak dira biztanleen %7 inguru baina lurrik hoberenak dituzte, eta botere ekonomikoa, Hego Afrikan bezala, hor ez da aldaketarik egon".
"Historian, XX. mendeko lehen genozidioa bezala hartzen da. Sistematikoki sarraskitu zituzten"
Azaldu duenez, Namibian arrazismoa ez da Hegoafrikan ikusi duena bezain agerikoa, "lasaiagoa" da zentzu horretan; baina hiriburuan, Hegoafrikako hiri handietan bezala badaude txabolen auzoak, non populazio beltza eta pobrea bizi den. "Apartheid garaietatik datozen auzoak dira, kauturak. Gaur, herritarrak ez daude behartuta hor egotera, baina beste erremediorik ez dute. Hiri paraleloak dira, ez da muturreko txabolismoa baina oso baldintza eskasetan bizi dira".