Gasteizko jaiak inklusiboagoak izan daitezen, Mendizabaleko barrakek ordu isil batzuk izateko neurria adostu du udalak. "Uste dugu gure betebeharra zela autismoa duten pertsonek eta, bereziki, haur guztiek, barrakez zaratarik gabe eta isiltasunean gozatu ahal izatea lortzea. Hau da, ez daitezela erasotuak sentitu eta ondo pasa dezatela". Hala adierazi du Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak. Autismoa duten pertsonek ere atrakzioez gozatzeko aukera izateko eta inklusioa bultzatzeko Mendizabalean ezartzen den lehen neurria da.
Gasteizko Udalarekin batera, Arabako Autismo Elkartearen bultzada ere izan du egitasmoak. Natalia Rojok, elkartearen gerenteak, ohartarazi du Autismoaren Espektroko Nahasmenen bat duten pertsonek "zaratak 10 aldiz biderkatuta" hauteman ditzaketela, eta "pertsona guztiok jasaten ditugun estimuluek antsietate maila handitu diezaieketela". Emandako pausua eskertu die udalari eta Barraketako Elkarteari, "enpatiagatik, emandako erraztasunengatik eta eskainitako laguntzagatik". "Familia askok eskertuko dute", gehitu du Rojok. Halaber, AFEVI Gasteizko Barraken Elkarteko bozeramaile Angel Lamelasek nabarmendu du barrakak "publiko guztientzat zabalik dauden aisialdiko eremuak" direla, eta "haur horien integrazioa bultzatzen laguntzeko" prest daudela jakinarazi du.