Aurten, Andre Maria Zuriaren jaietan zehar jarduera plan espezifiko bat jarriko du martxan udaleko Berdintasun Zerbitzuak. ‘Libre Izan Nonahi’ udako kanpainaren barruan sortutako ekimena izango da Gasteizko jaietan abiatuko dena. Uztailaren 24an sentsibilizaziorako gune bat instalatuko dute 20:00etatik gauerdira arte, Aiztogile eta San Frantzisko kaleen arteko bidegurutzean. Andre Maria Zuriaren jaietan zehar, aldiz, indarkeria matxistari aurre egiteko jarduerei eta prebentzioari buruzko informazioa jasotzeko gunea instalatuko dute Posta eta Independentzia kaleen artean. Abuztuaren 4an 17:00etatik 23:00etara, eta abuztuaren 5etik 9ra 18:00etatik 22:00etara egongo da zabalik puntu morea.
Gune hauetara bertaratzen direnek kanpainaren leloa daramaten zapiak, motxilak, eskumuturrekoak eta mugikorrak eramateko poltsa iragazgaitzak lortu ahal izango dituzte, besteak beste.
Matxismoaren aurrean tolerantziarik ez
Berdintasun Zerbitzuak gerta daitezkeen eraso matxistak prebenitzeko eta horien aurrean esku hartzeko jarri du martxan ekimena. Gizarte larrialdietako udaleko zerbitzuek 24 orduz arreta zerbitzuak bermatuko dituzte, indarkeria matxistarekin lotutako prestakuntza duten langile espezializatuekin.
Ana Lopez de Uralde Berdintasun zinegotziak indarkeriak hartu ditzakeen formei buruz ohartarazi du gaur kanpainaren aurkezpenean. "Ukituak, baimenik gabeko muxuak, hitz edo begirada iraingarriak ere indarkeria matxista dira. Sexu-harremanak lortzeko larderia edo xantaia, irainak edo keinu LGTBIfobikoak… horiek ere indarkeria matxista dira. Ez onartu eta ez izan jokabide matxisten konplize", adierazi du.
Gasteizko jaiak pasa eta gero indarkeria matxista prebenitzeko jarduera gehiago martxan jarriko dira irailean. Zaramagan izango dira irailaren 21ean, 21:00etatik gauerdira arte, eta lehen aldiz Santsomendin, irailaren 14an, 22:00etatik 01:00etara.